Urtarrilari eta urte berriari ekiteko ekintza mordoa antolatu dira Hernanin, lehenengo aste honetan. Eta horien artean azpimarratzekoak dira Erregeen Kabalgata eta bertso jaialdia. Ohi bezala, urtarrilaren 5ean, bihar iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Hernanira. Arratsaldeko lehenengo orduan Zaharren Egoitzan ibiliko dira opariak banatzen eta ondoren, herrian barrena. Marieluts auzoko Karobi elkartetik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan. Bertso jaialdia, berriz, ostegunean izango da. Bertsolari ezagunak ariko dira bertsotan: Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Asier Azpiroz. Gaijartzen Amaia Otxotorena ariko da. Sarrerak salgai daude Tripontzi eta Aralar tabernetan, 7 euroan. Horrez gain, Gabonak direla eta, haurrentzako ekintzak izango dira gaur: ipuin kontaketa eta txotxongiloak.
Guatemalako gazteen inguruko hitzaldia
Urtarrilaren 10ean, hau da, datorren astelehenean, pobrezian bizi diren Guatemalako gazte batzuen lekuan jartzeko aukera izango da Biterin. Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako GKEren (ONG) bidez, Fe y Alegriako arduraduna den Miquel Cortesek Guatemalako errealitatera hurbilduko ditu bertaratutakoak. Indiako emakumeen eta kaldereroen inguruko argazki erakusketa Hilabete honetan, argazki erakusketek ere ez dute hutsik egingo; bi izango dira: alde batetik, Indiako emakumeen ingurukoa, eta bestetik, kaldereroei buruzkoa. Lehenengoa, Saritik harantzago. Indiako emakumeak ekitatearen bidean izenekoa urtarrilaren 12tik 26ra izango da Biterin. Calcuta Ondoan GGKEak antolatu du Hernaniko Udalaren laguntzaz. Bigarrena, Hernaniko Kaldereroen Konpartsaren 50. urteurrena dela eta antolatu du Elur Txori elkarteak. Urtarrilaren 24tik otsailaren 5era arte izango dira argazkiak ikusgai, Biterin. Horrez gain, bildutako argazkiekin liburu bat eta DVDa egin dituzte eta horien aurkezpena egingo dute hilaren 21ean.
Txotx Eguna ere bai
Urtarrilarekin batera, sagardo denboraldiari ekiteko garaia ere iritsi da, eta baita Txotx Eguna era. Urtarrilaren 23an izango da. Horrez gain, hilabete honetan ere izango dira ohi bezala, literatur solasaldiak, Kalez Kale Kantarikoen kantu saioa, Bigarren Eskuko Azoka eta Gazte Txokoko ekintzak.
Urtarrileko kultur agenda
Hilak 4, Ipuin kontaketa, Oihana Etxegibelen eskutik, Liburutegian 11:00etan (3-4 urte) eta 11:30etan (5-7 urte).
Hilak 4, Txotxongiloak: Adarbakar urdina, Bihar Txotxongilo Taldearen eskutik, Biterin 17:00etan (3-10 urte).
Hilak 4, Gazte Txokoa: merienda.
Hilak 5, Erregeen kabalgata, 18:00etan.
Hilak 6, Bertso jaialdia, Biterin 19:00etan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Asier Azpiroz.
Hilak 8, Kalez Kale Kantari, Plaza Berritik 12:00etan.
Hilak 8, Gazte Txokoa: sukaldaritza tailerra.
Hilak 8, Bertso afaria Martindegin.
Hilak 10, Hitzaldia: Guatemala: arrisku egoeran dauden gazteentzat aukera bat. Antolatzailea: Hirugarren adina hirugarren mundurako. Biterin 18:30etan.
Hilak 12, Literatur solasaldiak: El grito de la lechuza, Patricia Highsmithena. Dinamizatzailea: Jose Luis Cancho (gazteleraz). Liburutegian 19:30etan.
Hilak 12 eta 13, Gazte Txokoa: Irudiak margotzeko tailerra.
Hilak 12tik 26ra, Argazki erakusketa: Saritik harantzago. Indiako emakumeak ekitatearen bidean. Antolatzailea: Calcuta Ondoan. Biterin 18:00etatik 20:00etara.
Hilak 18, Literatur solasaldiak: Ihes betea, Anjel Lertxundirena. Dinamizatzailea: Ane Mayoz (euskeraz). Liburutegian 19:30etan.
Hilak 19 eta 20, Gazte Txokoa: Fieltroarekin gauzak egiteko tailerra.
Hilak 21, Kaldereroen konpartsaren 50. urteurrena dela eta, Liburua eta DVDaren aurkezpena, Elur Txori elkarteak antolatuta, Biterin 20:00etan.
Hilak 23, Txotx eguna.
Hilak 23, Gazte Txokoa: zinemara irteera.
Hilak 24tik Otsailaren 5era, Erakusketa: Kaldereroen konpartsaren 50. urteurrena, Elur Txori elkarteak antolatuta, Biterin.
Hilak 26 eta 27, Gazte Txokoa: kandelak egiteko tailerra.
Hilak 29, Bigarren Eskuko Azoka, 10:00etatik aurrera, Atsegindegin.
Hilak 30, Gazte Txokoa: futbolina tuneatzea.
Hilak 31tik otsailaren 11ra, Argazki erakusketa. Egilea: Carlos de la Peña. Biterin 18:00etatik 20:00etara.