Jatorri tropikaleko lau landare mota Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 2a, 01:00

Txirrita, labaderoa, Akola­ko trikuharriak... Hernaniko garai bateko pertsonaiak edo pertsonek egindako gauzak ezagunak egiten zaizkigu. Eta naturak sortutakoak? Ba al dakizu Oindi, Adarra eta Urdaburu inguruak Euskal Herriko lurrik zaharrenak direla eta orain dela 300 milioi urte kostaz inguratuta zeudela? Eta Santa Barbarako harkaitzak garai bateko arrezife koralak direla? Eta Hernanin klima tropikala zegoela? Eta klima tropikal hartako landareen ondorengoak bizirik dirautela zenbait erreka inguruetan?


Europan desagertzear diren 7 landare, Hernanin

Hernaniko ingurumenari bu­ruz­ko ezagutza gutxi zegoela ikusita, Hernaniko Udalak Na­tur Ondareari buruzko lan bat egiteko eskatu zien Aran­zadi Zientzia Elkarteko eta UPV-EHUko ikertzaileei 2007­an. Ondorioz, Hernaniko Uda­lak EAEko saria jaso zuen, udal mailako biodibertsitate lanik onenagatik. Eta lan horrek, emaitza gehiago ere ekarri di­tu. Hernaniko landare mehatxatuen mikroerreserba sarea izeneko proiektua, esaterako. Proiektu hori medio, Europa mailan, Penintsulan eta EAEn, mehatxatuta dauden 7 landare aurkitu dituzte Hernanin. Hau da, ez dira edozein lekutan aurkitzen eta oso gutxi daude, desagertzeko zorian daude. Eta horietatik lau, paleotropikalak dira, jatorri tropikala dute. Aurkitu dituzten 7 espezieak honakoak dira: Tricho­ma­nes speciosum (inistor paleotropikala), Hymenophyllum tunbrigense (inistor paleotropikala), Soldanella villosa (landare endemikoa), Prunus lusitanica (erramu portugaldarra), Stegno­gramma pozoi (inistor paleotropikala), Veratrum album (Pirineoetako landarea), eta Dryopteris aemula (inistor paleotropikala). Proiektu hau eta aurrekoa, hiru iker­­tzaileren artean eraman dute aurrera: Iñaki Sanz-Azkue hernaniarra, Ibai Olariaga eta Joserra Diez.

Ereñotzutik Aranora tartean

Landare horiek Ereñotzutik Aranora tarteko lurretan ba­ka­rrik aurkitu dituzte. Zerga­tik? Historian atzera egin be­har da arrazoia jakiteko, Iñaki Sanz-Azkuek azaldutakoaren arabera. Orain dela 300 milioi urte, Karboniferoan, Euskal Herria itsaso az­pi­an zegoen. Itsaso azpian mu­gi­mendu bat hasi zen eta Euskal Herriko lehenengo lu­rrak azaleratu ziren, irla txiki gisa. Gipuzkoa ekialdean, Her­nani inguruan, Na­fa­rroa iparraldean eta Iparral­de­an azaleratu ziren. Irla horiek Oindi, Adarra eta Urdaburu ingurua ziren, Hernanin. Ho­rrez gain, klima tropikala zen. Eta herrialde tropikaletan be­za­la, itsaso azpian koralak zeu­den, koralezko arrezifeak. Arre­zife horiek gaur egun, ka­reharria dira eta ikusten ditugu Santa Barbara bezala, Ernio, Aralar, Gorbea... Hernani bitan banatua zegoen, beraz, eta gaur egun ere hori ikusten da, Hernanitik Ereñotzura eta Ere­ñotzutik Aranora. Batean koralezko arrezifeak zeuden eta bestean, Euskal Herriko lurrik zaharrenak. Orain dela 120 milioi urte, berriz, irla txiki horietan, lurrik zaharrenetan, landareak sortzen hasi ziren, klima tropikaleko landareak, hain zuzen. Horien ondorengoak izan dira proiektu honetan aurkitu dituzten landareetako batzuk, hau da, jatorri tropikala dutenak. Eta horiek Ereñotzutik Aranorako tartean aurkitu dira, klima subtropikala duten erreka bazterretako zuloetan eta iturburuetan. Behar dituzten baldintzak daudelako bertan, bailara itxiagoak izanik: hezetasun haundia, tenperatura konstantea eta lur azidoa.


Mehatxuak: pistak, eukaliptoak eta mozketak

Aurkitutako landare horiek ga­rrantzia haundia dute eta erreserba hori manten­tze­ko planak egiten ari dira; izan ere, mehatxu haundia dute, hiru zentzutan, batez ere: al­de batetik, Her­na­niko bailaratan pistak egiten ari dira egurra ateratzeko. Bes­tetik, eukaliptoak gero eta gehiago ari dira sartzen Hernanin eta euka­lip­toak ura kantitate oso-oso haun­ditan xur­ga­tzeko gaitasuna dauka eta ondorioz erreketara ur gutxiago doa. Eta gainera 12 urtetik behin, pistak irekiko dira mozteko. Azkenik, erreka ertzeraino ari dira mozten basoak.

Jatorri tropikaleko landareak hernanin

Trichomanes speciosum:
Inistor paleotropikala da: hezetasuna, ur asko, tenperatura konstantea eta sustrato azidoa behar du. Tamaina oso txikia du eta multzo txikitan ageri da. Erreka ondoko zu­l­oetan dago, argi gutxi dagoen tokian. Hezetasun asko behar du, baina ura ez zaio gustatzen. Beraz, errekari pegatuta egoten da, baina ukitu gabe. Ur asko behar du beste landare batzuk ez bezala, ez delako gai ura mantentzeko eta fotosintesia egiteko beharrezkoa du. Eguz­ki­tik nahiko ezkutuan egonda, fotosintesia egiteko pigmentu berezi ba­tzuk ere garatu ditu ahalmen haundiagoa ematen diotenak. Ho­rrez gain, transluzidoak dira, argiari pasatzen uzten diote; izan ere, baten atzetik 6 inistor egon daitezke.
EAE mailan aurkitu diren nukleoetatik %40 Hernanin dago. Eta nukleo bat kenduta, gainerakoak Aiako Harriak parke naturaletik kanpo aurkitu dira. 17 koadrikula berritan aurkitu dira.
Mundu mailan arraro gisa dago katalogatua. Europan babestuta dau­de eta landare horiek dauden guneak, babesteko leku bezala izen­datu beharko liratekeela diote. EAEko zerrenda gorrian kaltebera (vul­nerable) gisa dago katalogatua, beraz, mehatxu maila oso haundia da.

Hymenophyllum tunbrigense:
Inistor paleotropikala da: hezetasuna, ur asko, tenperatura konstantea eta sustrato azidoa behar du. Erreka ondoko zuloetan dago, argi gutxi dagoen tokian. Transluzidoak dira, argiari pasatzen uzten diote... Trichoma­nes speciosum-aren an­tze­ko ezaugarriak ditu.
Esporekin aurkitu dute. Ugal­tze­ko moduan da, beraz.
Europan eta Penintsulan oso gu­txi zitatua dago. EAE mailan, Jaiz­kibel, Aiako Harrian eta Hernanin aurkitu dira eta horietatik %33 Her­nanin dago. Batez ere, Urruzunoko bailaran. 6 koadrikula berritan aurkitu dira.
Mundu mailan arraro gisa dago katalogatua. Europan babestuta dau­de eta landare horiek dauden guneak, babesteko leku bezala izen­datu beharko liratekeela diote. EAEko zerrenda gorrian kaltebera gisa dago katalogatua, beraz, mehatxu maila oso haundia da.

Soldanella villosa:
Ez da landare paleotropikala, landare endemikoa da, hau da, zonalde jakin ba­tean bakarrik da­go. Landare honi ere gustatzen zaizkio ur jauziak, bai­na batez ere behar ditu paretak ura pixkanaka erortzen zaien horietakoak. Landare txikia da eta lore morea izaten du. Maiatzean 3 bat astez bakarrik egoten da loretan. Oso dentsitate altuetan agertzen da eta iturburuetan aurkitu dituzte.
Ugaltzeko bi modu ditu: ugalketa asexuala eta sexuala. Asexuala bada, landare batetik sortuko dira besteak (hostoa errekara eroriko da, momenturen batean lurrean geratuko da eta baldintza onak badira, landare berri bat sortuko da) eta horrek esan nahi du landare guztiak berdinak izango direla. Beraz, baldintza onak badira, denek iraungo dute, baina baldintzak ez badira egokiak, denak hilko dira. Sexuala bada (lorearen bidez, erleak polena eramanda landare batetik bestera) nahasketa dago, beraz landare guztiak ezberdinak dira eta baldintzak aldatzen badira, posible da baten batek irautea.
Hernanin 13 koadrikula berritan aurkitu da. EAE mailan, aurkitutako nukleoetatik %31 Hernanin dago.
Mundu mailan arraro gisa dago katalogatua. Europan babestuta dau­de eta landare horiek dauden guneak, babesteko leku bezala izen­datu beharko liratekeela diote. EAEko zerrenda gorrian kaltebera gisa dago katalogatua, beraz, mehatxu maila oso haundia da.

Prunus lusitanica:
Desagertzeko zorian dagoen zuha­itza da. Erra­muaren antzekoa da eta Portugalgo erramua deitzen zaio. Azores inguruan dago batez ere. Hernanin bi gunetan bakarrik aurkitu dira, bai­na pieza ederrak, aurkitu direnak; zuhaitz haundiak. Orain arte EAEn aurkitutako zuhai­tzak oso txikiak ziren. Horrek esan nahi du, Her­nanikoak leku onean daudela hazteko.
Landare honek ere ugaltzeko bi modu ditu: ugalketa asexuala eta sexuala. Gainera Hernanin, haziekin aurkitu dira. EAE osoan lehenengo zita da eta oso garrantzi­tsutzat jo dute.
EAE osoan, 6 zuhaitz daude. Horietatik 2 Hernanin daude, %33.
Mundu mailan arraro gisa dago katalogatua. Europan babestuta dau­de eta landare horiek dauden guneak, babesteko leku bezala izen­datu beharko liratekeela diote. EAEko zerrenda gorrian kaltebera gisa dago katalogatua, beraz, mehatxu maila oso haundia da.

Stegnogramma pozoi:
Inistor paleotropikala da: hezetasuna, ur asko eta tenperatura konstantea behar du. Landare hau ez dago babestua, baina Nafarroan hasi dira babesten. Epele inguruan aurkitu dituzte, batez ere.

Veratrum album:
Landare haundia da eta lore horixka dauka. Pirineotakoa da. Bertan aurkitzen da, batez ere. Altura haundia, tenperatura bajuak eta hezetasun asko behar ditu. Baldintza horiek, Hernanin, iturburuetan aurkitu daitezke, 700 metro inguruan. EAEn oso zita gutxi daude.

Dryopteris aemula:
Inistor paleotropikala da: hezetasuna, ur asko eta tenperatura konstantea behar du. Iturburuetan aurkitu dituzte, baita ere.



Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!