Chillida-Leku museoak 2000 urtean zabaldu zituen ateak, Eduardo Chillidaren ametsa errealitate eginda. Hamar urte egunero zabalik egon ostean, ostegun eguerdian itxi zituen ateak, arazo ekonomikoak medio. Sarrera eguerdiko 13:00etan itxi zuten, eta azken bisitariak 13:30ak aldera atera ziren museotik. Segidan, museoko segurtasun arduradunak giltzatu zuen ate nagusia, eta Guillermo Arzubialde komunikazio arduradunak jarri zuen kartela: `2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, ITXITA´. Ezezaguna da zein izango den museoaren etorkizuna, baina Chillida familiak erakunde publikoekin adostasun batera iristeko esperantza azaldu du, eta hilabete batzuk barru museoa berriz ere zabalik ikustea gustatuko litzaiekela adierazi dute.
Bisitek gora, azken egunetan
Abenduaren 1ean egin zuen publiko Chillida familiak museoaren itxiera, eta ordutik bisitak hirukoiztu egin dira. Abenduan 8.329 pertsonek bisitatu dute museoa, joan den urtean baino 5.078 gehiagok. Azken egunean, 425 pertsona sartu ziren museora, behin behineko agurra ematera. yy