Kepa Urreaga - Agerre baserriko esne-ekoizlea: «Esnea biltzen jarraituko dutela esan digute»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 31a, 01:00

Urnietako Iparlat esne faktoriak su hartu zuen asteazken gauean, 22:00ak inguruan. Suhiltzaileak gau osoan eta atzo egun guztian zehar aritu ziren sua itzaltzen. Kea eta erre usaina Urnieta osoan zehar zabaldu zen, eta Hernanira ere berehala iritsi zen, hego haizearen eraginez. Suteak enpresako biltegia kixkali zuen, eta produkzio planta erre ez bazen ere, kaltetua geratu zen. Iparlateko lehendakariak adierazi zuenez, hilabete inguru pasako da enpresa bere onera etorri arte.
Hernanin hiru esne-ekoiz­le­ren esnea eramaten dute Ipar­­lat enpresara: Agerre, Gona­go­rri eta Argindegi ba­se­rrietakoa. Hernaniko Kroni­kak Agerre baserriko eta EHNE sindikatuko juntako kidea den Kepa Urreagare­kin hitz egin du, su­­teak beraiengan izango duen ondorioa jakiteko. Ke­pak azaldutakoaren arabera, enpresak esnea biltzen jarraituko dietela adierazi die: «produkzio plantak kalteak jasan ditu, baina enpresak esnea biltzen jarraituko duela adierazi digu. Bi egunetik behin pa­satzen dira baserri bakoitzetik esnea ja­sotzera, eta ondoren, Ipar­laten egiten dute prozesu guztia. Kasu honetan, suaren eraginez esnea Espainiako beste esne enpresa batzuetara eramango dutela esan digute. Ez dira egun onak horretarako, gaur Urte Zahar eguna da, bihar Urte Berria eta etzi igandea. Hala ere, irtenbide hori posible izatea espero dugu. Kasurik okerrenean jarrita, esnea beste zentraletara eramatea lortuko ez balute, ezingo lukete bildu, Iparlaten ez baita dena sartzen».

«Inoiz izan den momentu
txarrenean gaude»

Aurtengoa ez da urte onena izan esne-ekoizleentzat, eta ezta azken urteak ere, hala adierazi du Kepak: «inoiz izan den mo­menturik txarrena ari gara bizitzen. Egoerak horrela jarrai­tzen badu, esne-ekoizleen %50ak ez ditu beste bi urte iraungo. Pentsua sekula baino garestiago dago, eta esnea aspaldiko prezio bajuenean ordaintzen ari dira. Gauzak aldatzen ez badira, etorkizuna beltza da».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!