Hogeita zortzi sagardogilek Eusko Labelaren aldeko apostua egin dute, sagardoa bertakoa eta kalitatezkoa dela ziurtatzeko helburuarekin; hogeita zortzi horien artean 19 gipuzkoarrak eta 9 bizkaitarrak; tartean, Itsasburu eta Iparragirre.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea 2000garren urtetik ari da lanean sagardoaren kalitatezko markaren alde. Arantxa Eguzkitza Lehendakariak eta Iparragirreko sagardogileak azaldu duenez, orduko lehendakariak saiakera serioa egin zuen sagardoaren Jatorri Izendapena lortzea posible izan zedin, baina ez zen hala izan. Elkarteak orain bost urte ekin zion berriro ere erronkari. «ibilbide luzea ari da izaten. Sagardogile multzo batek Marka Pribatura jotzeko erabakia hartu du eta beste sagardogile multzo batek Eusko Labelera jotzea erabaki dugu, etorkizunean Jatorri Izendapenera jotzeko helburuarekin. Baina horrez gain, esan behar da sagardogile multzorik haundiena oraingoz ez batean ez bestean ez dagoela».
Helburua, %100 bertako sagarra izatea
Kalitatezko sagardoaren helburua da %100 bertakoa dela ziurtatzea, hala jakinarazi du Arantxak: «kontsumitzaileei Labela duen sagardo guztia bertako sagarrarekin egina dela ziurtatu nahi diegu, eta horretarako frogatu egin behar da. Labelaren araudia egiteko mahai tekniko bat osatu da sagar eta sagardo ekoizleekin, Administrazioetako arduradunekin eta sektoreko eta Labeleko teknikariekin. Eta Kalitatea Fundazioak (Labelak) sagardoaren prozesu guztia kontrolatzen du, sagarrondotik hasi eta enbotilatzen den arte. Kontrol zehatza egiten da hasieratik bukaerara arte».
Label Ziurtagiria sagardoa botilatzen denean lortuko da, eta zigilua lortzeko sagardoak berak ere prozesu eta azterketa batzuk pasako ditu: «ez dira azterketa analitikoak bakarrik izango: Labelera dijoazen sagardoak kata edo dastaketa prozesu zorrotz bat ere pasa behar dute. Azterketa guzti horiek gainditzen dituen sagardoak bakarrik izango du Eusko Label zigilua». Labeleko sagardoaren aldeko apustua egin duten sagardogileek bi sagardo mota izango dituzte: Labelekoa %100 bertako sagarrarekin egina, eta Labelekoa ez dena.
Bertako sagasti eta
sagarraren aldeko apustua
Eusko Labela duen sagardo guztia bertako sagarrekin egindakoa izango da, Arantxak azaldu duenez, bertako sagar produkzioaren aldeko apustua ere egin dutelako: «bertako sagarrak abantaila asko ditu sagarraren kalitateari dagokionean: sagastia ezagutzen dugu, kontrol zorrotzagoa egin dezakegu, heltze puntu egokia bilatzeko aukera ematen du, bildu eta tolarera segituan etorri liteke sagar hori, eta abar. Horrez gain, bertako sagar-ekoizleen lana bultzatu nahi dugu, sagarrarekin baserrirako irtenbide bat izan dezaten, terrenoak zaintzeko modua izan dezaten, azken batean baserrirako negozio iturri izan dadin. Guzti hau aspalditik ari gara sektorean hausnartzen eta esfortzu haundia ari gara egiten, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu. Bide berri bat zabaldu dugu, bertakoari balioa ematen dion bidea».
Proba pilotuak hasi dira
Oraindik ez dute fetxa jakinik produktua merkaturatzeko, baina aurtengo uztarekin hasi dira Labeleko sagardoaren proba pilotuak egiten: «proba pilotuak egiten hasi gara. Probarako erabili ziren sagastiak hasieratik inspekzionatu ziren, sagarra, tolareko lana, kupelak prezintatu, prozesu osoa... Ez dakigu aurtengo kanpainan Labeldun sagardoa merkaturatuko dugun, baina bide onetik goaz. Gauzak ondo egin nahi ditugu, poliki. Ilusioa dugu, baina gauza bat da nahi izatea eta bestea posible izatea. Inportanteena da etorkizunerako gauzak ondo egitea, eta horretan ari gara».