hernanin 700 familiatik gora dira etxeko hondakin organikoak autokonpost bidez birziklatzen dutenak. Eta hain zuzen ere, familia horiek bildu nahi ditu gaur Hernanin Zero Zabor taldeak, Biterin egingo den aurreneko topaketan. Topaketa arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta tailer modura antolatu dute. Taldeak adierazi duenez, helburua da etxean konposta egiten ari diren herritarrek elkar ezagutzea, batzuk eta besteek dituzten martingalak elkarri azaltzea, eta egon litezkeen arazo txikiei buruz hitz egiteko aukera izatea. Taldeak bilerara azaltzeko gonbidapena egin die, bai etxeko baratza edo jardin muturrean konposta egiten dutenei, eta baita ere, aurrera begira horretan hasteko interesa dutenei.
«Atez atekoa martxan jarri denetik gora egin du»
Zero Zabor taldeak adierazi duenez, 2007an 156 familiek egiten zuten konposta Hernanin, eta Atez Atekoa martxan jarri denetik 700 familiek egiten dute: «familiako hiru pertsona kontatuz, 2.100 hernaniar baino gehiagok egiten dute konposta., eta urtean 285 tona baino gehiago birziklatzen dute. Gaurkoan egiten dutena herriari aurkezteko aukera izango dute. Bilketa, garraioa eta tratamendua nolakoa izaten den erakutsiko dute, eta baita pausu guzti horietan aurrezten den energia eta kutsadura ere».