abenduaren 21ean onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. Gaurtik aurrera ezingo da erre tabernetan, jatetxeetan eta espazio publiko itxietan. Eskola eta umeentzako parkeetan ere ezingo da erre, aire librean badaude ere. Ospitale edo anbulatorio atarian ere ez. Aldiz, erre ahal izango da taberna atarietan, terrazetan, unibertsitate atarietan, edo tapatu gabeko gainerako eraikin publikoetan. Trinidad Jiménez eta Leire Pajín Osasun Ministroek proposatu zuten legea, eta mediku elkarte eta zientzialarien elkarteak izan dituzte laguntzaile finenak. Kontra, alderdi popularra, eta tabakalerak, ostalarien elkarte batzuk, estankoak edo erretzaileen elkarteak. Hernanin, ostalariak jakinaren gainean daude. Bilerak egin dituzte euren artean, eta Berriak Elkarteak Kronikari jakinarazi dionez, hauts-ontziak kentzen gaur hasiko dira.
Isunak, otsailetik aurrera
Hernanin, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, isunak jartzen otsailetik aurrera hasiko dira, Eusko Jaurlaritzak legea onartu behar duelako aurrena. Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Sailburuak adierazi zuenez, urtarrilean onartuko du Parlamentuak legea, eta otsailean konpetentzia izango dute, isunak jartzeko. Legea, gainera, osatuago onartuko dutela adiera zuen Zabaletak, eta adibidez, Osakidetzak laguntza emango diela erretzen utzi nahi dutenei. Lege gogorrenetakoa Espainiako Gobernuak erabaki duen legea da, Europako gogorrenetakoa. Europako 27 herrialdeetatik 24k uzten dute eremu itxietan erretzen, horretarako leku bereziak jartzen badira. Italia eta Erresuma Batua dira, leku itxietan erretzea debekatu duten beste biak. Espainiako Estatuak 2006an mugatu egin zuen eremu itxietan erretzea, eta gaurtik aurrera, debekua erabatekoa da.
Laguntzarik ez, lehen obrak egin zituzten lokalei
2006an erreformak egin zituzten lokalek ez dute laguntzarik izango, Diputatuen Kongresuak erabaki duenez. Taberna eta jatetxe askok obrak egin zituzten 2006an, erretzaileek euren lokaletan erre ahal izateko. Taberna eta jatetxe horiek diru laguntza edo hobari fiskalak eskatu dituzte, hain epe motzean aldatu egin dutelako legea, eta beraz, lehen egin behar izan zituzten erreformak ezerezean geratu zaizkielako.
«Prest gaude legeari aurre egiteko»
Ikusteko dago, lege honek zein ondorio izango dituen. Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko kideak adierazi duenez, behintzat, Gipuzkoako ostalariak prest daude legeari aurre egiteko.
Tabakoaren Kontrako Legea:
LEKU DEBEKATUAK:
- Tabernak, jatetxeak,
diskotekak, bingoak,
kasinoak...: Legeak aisi-gune
pubikoetan erretzea debekatu du.
- Ospitaleak eta Osasun
zentroak: ezingo da erre ez
eraikinetan, ez sarreran, eta ezta inguruan ere.
- Eskolak eta umeentzako
parkeak: aire librean egon arren, ezingo da erre ez sarreran, ez eskola inguruetan eta ezta umeentzako parkeetan ere.
- Hotelak: Logelen %30a
erretzaileentzako gorde
dezakete. Beti logela berdinak izan beharko dute.
- Aeroportuak eta estazioak:
Ez da erretzaileentzako
gunerik jarriko ez estazioetan eta ezta aeroportuetan ere. Ezingo da taxietan, trenean, eta autobus turistikoetan erre.
ERRE LITEKEEN LEKUAK:
- Erretzaileen klubak: irabazi-asmorik gabeko lekuak izan behar dute, estatutuekin eta langilerik gabe. Bazkideak bakarrik joan ahal izango dute.
- Zezen plazak eta kirol-guneak:
Aire librean daudenetan
bakarrik erre ahal izango da.
- Unibertsitateak: Eraikin kanpoan edo sarreran erre ahal izango da.
- Psikiatriko eta kartzelak: Erretzaileentzako guneak jarriko dituzte.
- Terrazak: Gehienez, bi pareta eta sabaia duten terrazetan erre ahal izango da.
ISUNAK:
- Arau hauste arinak 30 euro arteko isuna.
- Arau hauste larriak 10.000 euro arteko isuna.
- Arau hauste oso larriak 600.000 euro arteko isunak.