azaroan kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak erabakia, Donostialdeako Lurraldearen Zatiko Planean. Erabaki horrek dioenez, Zentro Komertzialak ezingo dute gehiago haunditu, datozen 15 urteetan behintzat. Erabaki horrek eragiten die, Hernani eta Donostia inguruko 5 Zentro Komertziali: Urbil, Garbera, Mamut, Lintzirin eta Araso. Merkatari txikien elkarteek begi onez hartu dute erabakia, urte asko daramazkitelako hori eskatzen. Berriak elkartearen ustez, zentro horiek kalte egin diete merkatari txikiei, eta behar-beharrezkoa zuten horrelako erabaki bat.
«Honen zain geunden»
Merkatari txikiak erabaki honen zain zeuden aspalditik, Berriak Merkatari eta Ostalarien Elkarteko zuzendaritza kideek Kronikari jakinarazi diotenez. «Urteetan borrokatu dugu merkatari elkarteek Garberako anpliazioaren kontra. Dendartean elkarteak (Gipuzkoako Merkatarien Elkartea) bilera pila bat egin ditu gai horren inguruan, eta auzietan ere sartu dira, behin baino gehiagotan».
Herriak «desertizatu»
Zentro Komertzial haundiek jende asko biltzen dute, eta horrek herrietako merkataritza «desertizatu» egiten duela adierazi du Berriakek. «Ikusi besterik ez dago, Hernanin zenbat denda ari diren ixten azken urteetan, eta berririk ez da irekitzen. Hori Urbilek, Garberak, eta beste zentroek lortu dute, neurri haundi batean. Guk astelehenetan salduko dugu, agian. Baina ostiral arratsaldetan ahaztu. Eta larunbat goizetan ere bai. Jendea Urbilera joaten da».
Europako ereduaren atzetik
Europan, edo Ipar Euskal Herrian, komertzio txikiei indarra eman nahian dabiltza bertako Udalak, eta hori gertatu omen da, momentu batean «desertizatu» egin zirelako. «Europan gertatu zena gertatzen ari da orain hemen. Baiona, adibidez, desertizatu egin zen Zentro Komertzialen ondorioz. Orain, politika aldatu dute, eta herriko dendari txikien alde ari dira. Gu ordea, urte batzuk atzera goaz, ez diogulako begiratzen han gertatu zenari». Beste eredu batzuk ere badaudela dio Berriakek, eta adibide bezala jarri dute Tolosa herria. «Tolosan komertzioak indar izugarria dauka, eredugarria izan delako bertako Udalak egindako politika. Tolosan uko egin diote Zentro Komertzialei, eta herriko merkatarien alde egin dute».
Epe luzera, ekonomikoak?
Zentro Komertzialek diru asko ematen diote lurra dagokion herriari, baina horrek badu beste aldea ere, merkatari txikien ustez. «Adibidez, Garbera eraiki zenean, Donostiak diru asko jaso zuen. Kontuan hartzen al da ordea, orduztik autobusa egunero Donostiak jartzen duela Garberara? Hori Udalak ordaintzen du».
«Problematika»
Eusko Jaurlaritzak LZPean adierazten du, zentro komertzial periferikoek problematika sortu dutela, eta horregatik hartu duela erabaki hori. Hona hitzez hitz, LZParen 88garren orrialdean diona: «Azkenik, saltoki gune periferiko handiak gaur egun zuzkidura-zerbitzuen eta hirugarren sektoreko zerbitzuen polo gisa konfiguratzearen ondorio den problematika aintzat hartzen da Lurraldearen Zatiko Planean. Ildo horretan, Lurraldearen Zatiko Planean erabakitzen da egun dauden saltoki guneetan (Urbil, Garbera, Mamut, Lintzirin eta Araso) ez dela eraikuntza gehiago izango, eremu funtzionaleko lurralde osoaren gainean zuzkidura-zerbitzuen guneak banatzerakoan gehiegizko espazio-desorekak eta distortsio funtzionalak sortzea eragozteko». Eusko Jaurlaritzak azaroan aurkeztu zuen Donostialdeako LZPa. Plan horretan biltzen dira datozen 15 urteetan eremu horretan egingo diren proiektu nagusiak: etxebizitza, garraiobide, ingurugiro, merkataritza eta abar... Horrez gain, arau batzuk ere zehazten ditu eremu horretarako. Donostialdearen barruan, 13 herri daude: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta, eta Usurbil. 376 km2-ko lur-eremua; 400.000 biztanle. Erakusketa publikoan egon zen azaroaren 20ra bitartean eta orain, azken erabakia emateko zain dago. yy