Marian Betialarrangoitia Alkateak, 2011 urte berria, ona izan dadila opa die hernaniar guztiei Hernaniko Kronikara bidalatiko gutunean:
«2010. urtea ere ez zen erraza espero eta ziur aski askorentzat ez da xamurra izan, baina amaitzear den honetan etorkizunari itxaropenez begiratzeko indarra eta kemena igorri nahi nizueke. Beti ikus daiteke botila erdi hutsa edo erdi betea, nik nahiago dut bigarrenaren alde egin, onetik datorrenari helduz txarra gainditzeko lagungarri. 2010 nire absoluzioaren urtea izan da, alkate modura lanean jarraitzeko modua eman didan epaia. Hori bera eta herritarren babesa lagungarri izan zaizkit oso une gazi guztiak gainditzeko. Jasotako maitasun horren parte bat itzuli nahi nizueke hernaniar guztiei, zuen une mingotsak goxatzen laguntzeko gogoz.
2011. urtea agintaldi honen amaiera urtea da, berezia izango da hortaz, eta horretan ere aurreko teoria bera errepikatu behar. Jakina da hauteskunde urteak ez direla garbiak izaten, tamalez, eta ziur naiz hiru urte luze hauetan zenbaitzuen aldetik sumatutako joera areagotu egingo dela, hala izan ohi delako botoa eskatzeko garaia hurbiltzen denean.
Hartara kritika eraikitzailea baino, egin edo ez egin, dena kritika iturri bilakatzen den garaian sartzen ari gara, gezurrak tarteko eta beti ere asaldatzeko intentzioarekin, ez gauzak hobetzeko pentsamenduarekin. Gauza jakina izanda ere, gobernu talde honek ez du orain arte egindako bidea bazter uzteko asmorik, eta beraz ez gara horien erantzun hutsalean murgilduko.
Hori bai, herritarren zerbitzura gaudela jakitun, gure ateak beti irekiak izango dituzue entzun edo irakurtzen dituzuenen aurrean informazio osatua eskuratzeko beharrezkoa duzuen hori galdetzera etortzeko, baita ezer esateko baduzue ere. Izan ere jakin badakigu denean ez genuela asmatuko, gauza batzuk ondo egingo genituela eta beste batzuk ez hainbeste, baina helburua beti argi izan dugu, hernaniarren zerbitzura aritu eta etorkizun hobe baten alde lan egin.
Horrek eraman gaitu urte hauetan hainbat apustu egitera eta ari gara emaitzak jasotzen. Atez ateko bilketa da etorkizuna idazteko moduari buruzko adibide argienetako bat, herritarrak dira sistemaren oinarri eta honen aldeko apustua egin badugu zuengan uste osoa dugulako izan da. Primeran jabetu zarete erronkaz eta bikain ari zarete erantzuten, batzuk aurka egiteko helburu hutsarekin botatako gezurrei eguneroko keinuarekin erantzun ezin hobea emanez. Horrela amesten dugu guk etorkizuneko Hernani eta horretan pausu berriak ekarriko ditu 2011k, Ereñozuko Auzo Udalaren osaketarekin, zahar egoitzaren irekierarekin...
Izan ere guretzat proiektu bat nork bultzatu duen baino garrantzia handiagoa izan ohi du proiektuak berak, eta aurretik hasitako bidea bazter utzi ordez, nahiago izan dugu zegoen probetxuzkoari heldu eta tira. Hori beti horrela egingo balitz ez litzateke eztabaidagai izango Diputazioarena den ardura, zahar egoitza berria irekitzea gure gain hartzea, orain ala duela urtebete egin behar genuen, gauzak aurkitu bezala utziz gero egoitza egiteko izango baitzen. Nahiago dugu botila erdi betea ikusi, gaizki zegoena zuzendu eta eraikuntza egin dugula jakin, saiatu garela Diputazioak bere ardura zena beregana zezan, baina jarrera itxia ikusita gure bizkar hartu erantzukizun hori, bestelako irakurketa maltzurren beldur mugitu baino. Aurreneko helburua bertako egoiliarren ongizatea baita.
Zahar egoitzaren ateak edo Galarretako industri gune berriaren eraikuntzarenak irekiko diren urtea izango da 2011, zauri asko irekiko dituen urtea ere bai orain 75 urteko gehiegikeriak pairatu zituztenek ez baitute hauek ixteko nahikoa errekonozimendu izan.
Duintasunez baino ezin dira itxi zauri horiek, Euskal Herriak herri modura dituen gainerakoak bezalaxe, eta espero dugu denon artean eta eskuzabaltasunez asmatuko dugula, bide egokia hartuko dugula, eta urrats sendoak emango ditugula hastear den urte berrian udaberriak uda ekar dezan ondotik.
URTE BERRI ON!!!!!!!».
Marian Beitialarrangoitia, Hernaniko alkatea