Bertsolata bete-betean... gaur, ‘Ornitorrinkus’, Milagrosan

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 28a, 01:00

Aste honetan sartu da Ber­tsolata ekitaldi bete-betean. Gaur hasi eta errege eguna bitarte, 4 ekitaldi dituzte, Hernaniko Iraulio Panttalo­ne Bertso Eskolako kideek. Gaur Ornitorrinkus ekitaldi esperimentala izango da, Milagrosan, 19:00etatik aurrera. Ostegunean, web orrialde berria aurkeztuko dute, Bi­te­rin. Ostiralean, Urte Zaha­rre­tako Errondan ibiliko dira ka­lean barrena, Ohitura Zaha­rrak Abesba­tza­rekin batean. Da­torren as­tean, errege egunarekin, ber­tso jaialdia dute, Biterin, 6 ber­tsolari puntakorekin: Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Asier Azpiroz.


Lan esperimentala, gaur
Bertsolatak ohitura duen mo­dura, bertsoaren inguruan egiten diren lan bereziak ere ekarri nahi izaten dituzte Hernanira. Gaurkoa horietako bat izan liteke, eta gainera, bi hernaniar dira protagonista. Ornitorrinkus izeneko CDa aurkeztuko dute Maia­len Lujanbiok (ber­­­tsoa), Judith Monterok (saxoa) eta Xabier Erkiziak (musika elektronikoa). Lehen­dik ere bi emanaldi egin ditu hirukote honek Her­nanin. 2007an hasi zuten ibilbidea, eta aurten kaleratu dute CD itxuran, ibilbide horren emaitza izan litekeena. Gaur, emanaldiaz gain, ko­mentatu ere egingo dute eu­ren lana. Bakoitzak bere esparruan bide berriak bilatu nahi izan ditu, eta Ornitorrinkus da horren emaitza. Aportazio berri bat, errez definitu ezin den emai­tza bat, dena definitu edo sailkatu behar horretatik aldegin nahian, sortutako obra. CDa salgai dago Hernanin, Doberan eta Kronikan, bazkideentzat 12 euroan; bazkide ez direnentzat 15 euroan. Milagrosan da emanaldia, 19:00etan. Sarrerak bertan salduko dira, 5 euroan.

BERTSOLATA EKITALDIAK
GAUR - ABENDUAK 28:
Ornitorrinkus:CD aurkezpena: Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabier Erkizia.  19:00etan Milagrosan. Sarrerak: 5 euro.
ABENDUAK 30:
Web gune berriaren aurkezpena: Hernani Bertsotan proiektuak bigarren zatia aurkeztuko du. DVDak salgai izango dira bertan.
19:00etan Biteri kultur etxean.
ABENDUAK 31:
Urte Zaharretako Erronda: Kalez kale eskean ibiliko dira errondan, Ohitura Zaharrak Abesbatzak antolatuta. 17:15etan abiatuko dira Plazatik.
URTARRILAK 6:
Bertso Jaialdia: Bertsolariak: Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Unai Agirre, Miren Amuriza, Asier Azpiroz eta Iker Zubeldia. Gaijartzailea: Amaia Otxotorena. Sarrerak salgai: Aralar eta Tripontzi tabernetan, 7 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!