Urtarrilaren 2tik aurrera ezingo da taberna, jatetxe, diskoteka eta bestelako eraikin publikoetan erre. Hala dio onartzear den Tabakoaren Aurkako Legeak. Legeak bat baino gehiago jarri du urduri dagoeneko, eta Hernanin, zenbait herritar, ostalari eta elkarte hasi dira dagoeneko lanean. Helburua Tabakoaren Aurkako Legeari hutsune edo zirrikituak bilatzea da, eta batzuk bilatu dute legea ez betetzeko bidea.
Zenbait tabernetan,
erretzeko aukera
Gipuzkoako Ostalari Elkarteko buruak adierazi duenez, Lege berri honekin kalte gehien jasango duen gremioetako bat izango da ostalariena, erretzaile ugarik tabernetara joateari utziko diotela aurreikusi baitute. Horri aurre egiteko asmotan, Hernaniko zenbait tabernari eta bezero elkartu egin dira, eta hala adostuta, euren tabernetan erretzea baimenduko dute. Hernaniko Aitan Etxe taberna da horietako bat, eta Bittorrek Kronikari adierazi dionez, ez dute legea bere horretan beteko: «Aitan Etxen eta Hernaniko beste lau-bost tabernetan erretzea baimenduta egongo da urtarrilaren 2tik aurrera, guk hala erabakita».
Hala ere, kontuan izan dute erabaki honek ondorioak izan ditzakeela, tartean isunak, eta horri aurre egiteko plan berezi bat jarriko dute martxan: «taberna hauetan erre nahi duenak euro bat gehiago ordaindu beharko du sartu-atera bakoitzeko. Hala adostu dugu tabernari eta bezeroek elkarrekin egin ditugun bileretan. Diru hori kaja komun batera joango da, eta noizbait tabernaren batek isunik jasoko balu, diru horretatik ordainduko litzateke. Kalkuluak egin ditugu, eta erretzea debekatzea baino askoz errentagarriagoa da».
Erretzaileentzako gunea, Kardaberaz kalean
Berriakek eta Elkarteko ostalariek erretzaileentzako gunea jartzea erabaki dute Kardaberaz kalean. Egun, ogitartekoak, goxokiak, edariak eta abar erosteko makinak dauden lekua egokituko dute. Mertxe Jimenez Berriakeko idazkariak azaldu duenez, leku estrategikoa da: «Hernaniko taberna ugari Kaxkoan daude, eta giroa kale horietan izaten da. Hortaz, leku perfektua da».
Erre-lekurako sarrera hernaniarrentzat mugatua izango da, eta bakoitza pertsona bat gehiagorekin sartu ahal izango da. Sartzeko Berriakeko txartela pasatzea beharrezkoa izango da; horrela, adin gabekoei sarrera mugatuko diete. Horrez gain, gaueko giroa mantentze aldera, tabernetako edariekin sartzea baimenduta egongo da, eta orduka, taberna ezberdinetako musika entzun ahal izango da bertan, guztiak tartekatuta.
Erretzaileen eskubideak aldarrikatzeko taldea
Hernaniko erretzaileengan ere piztu du kezka Lege berriak eta mugitzen hasiak dira: Erretzaileen duintasunaren alde! taldea sortu dute. Adierazi dutenez, «lege honekin erretzaileak diskriminatuak sentitzen gara, delinkuenteak bagina bezala tratatzen gaituzte, onartezina da. Guk ere baditugu eskubideak, eta horren alde egingo dugu borroka. Gaur firmak biltzen ariko dira Kixkaleko ixkinean, 16:00etatik 20:00etara.