Euskal Preso Politikoak etxeratzeko eskatuz eta beraien eskubideen alde, Martuteneko espetxera martxa egin zuten atzo Hernaniko hainbat senide, lagun eta herritarrek. Astigarragatik abiatu ziren bertako eta inguruko herritarrekin batera eta espetxe aurrean Donostiatik ateratako beste zutabe batekin elkartu ziren. Denak batera, espetxera gerturatu ziren eta aldarrikapen ohiuen artean bertako hiru preso politiko agurtzeko eta animoak bidaltzeko aukera izan zuten.
Amaierako ekitaldian, presoen kolektiboak azken agirian bildutakoa ekarri zuten gogora: «Euskal Herriak konponbide politiko eta demokratiko bakarra du: Amnistia eta Autodeterminazioa». Horrez gain, dei egin zuten presoen alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko; horien artean, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean.