‘Ornitorrinkus’ CD berria aurkeztuko dute asteartean, Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak. Esperimentazio lana da Ornitorrinkus, orain arte zer ikusirik izan ez duten hiru esparru elkartu eta elkar-lanean sortu dutena. Maialen Lujanbio bertso mundutik dator, Judith Montero musika kontenporaneotik, eta Xabier Erkizia musika elektronikotik.
Hirurek, beren betiko esparruetan landu nahi izan dituzte bide berriak, oraindik landu ez zituzten bideak, eta hiru bide horiek elkartuta, Ornitorrinkus sortu dute.
«Sailkaezinen artean
sailkatua»
Ornitorrinkus hitzak definitzen du, nolabait, hiru artista horien esperimentazio lana. «Gizarte honek badu joera bat, dena sailkatzeko, eta Ornitorrinkoa da, animalia bat, familia batean sailkatu ezin dena». Horrela dio kanta bateko letrak: «Baldin eta sailkaezina, sailkaezinen artean sailkatua».
Ideia horrek biltzen du, gutxi edo gehiago, Ornitorrinkusen mamia. Gizarte honek pautak jartzen dizkio artistari, emakumeari, gizonezkoari... denoi, azken batean. Artea, generoa, mundua, pauta batzuren arabera dabil. Hori hautsi, eta bide berriak proposatzen saiatu dira Lujanbio, Montero, eta Erkizia. Lujanbiok horrela dio: «ez dugu orain arteko bidea ukatu nahi. Bakoitzak gure esparruan jarraitzen dugu; baina bagenuen gogoa, nahi bat, gure esparruetan arakatu eta esperimentatzeko».
2007an hasi zuen bidea Ornitorrinkusek, eta orain CD itxura hartu du. Asteartean aurkeztuko dute lana, 19:00etan Milagrosan, hain justu, lehenengo kontzertua eman zuten areto berean, ibilbide bat borobildu nahian. Sarrerak bertan salduko dira, 5 euroan.