Urte Zaharreko erronda: urteurrenaren atarian

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 26a, 01:00

Ezpala

Erronda sortzearen helburua, urteko azken egunean, herriko kaleak doinuz, ko­plaz zein bertsoz  janztea izan zen. Santa Ageda eta San Joan errondaren ildo beretik, 1980 urte aldera, herriko kaxkotik barrena kale buelta bat egitea deliberatu zen. «Go­goan dut Tiburtzio (Patxi) Odriozolaren kontua izan ze­la», esan du Bingen Zupiriak (Hernani 1961). «Patxik, behin hurbildu eta esan zidan: ´San­ta Ageda eta San Joan egunen bezperan herritik barrena irteten bagara, zergatik ez Urte Zahar egunean!` Lehen urterako kopla batzuk egin genituen. Hurren­goeta­ra­ko Joxe Agus­tin Arrietari beste batzuk eskatu genizkion. Horrela sortu genuen hasierako kopla sorta. Ni, orduan, Miren Etxanizekin batera aritzen nintzen trikitia jotzen eta urte batzuetan parte hartu genuen errondan», gaineratu du ETBko zuzendari ohiak.
Errondaren inguruko oroi­­­tzapen onak ditu Zu­pi­riak. Irten aurretik eginiko lana oso presente du. «Patxi Odriozolarekin koplak pentsatu eta osatzen nola ibili ginen, zer gai landu... Polita izan zen. Gogoratzen dut, behin eta berriz bakearen gaia ateratzen zela. Oso era naturalean egin genuen erron­daren prozesu guztia. Hasierako urteetan, Oarso kaleko gela batean egiten genituen entseguak», erantsi du Zupiriak.

Ibilbide berbera
Urte Zaharreko errondaren ibilbidea, egungoa eta ordukoa, berbera da. Baita azken txanpa ere. «Zaharren Egoitzan hasten ginen. Garai hartan, Milagrosa elizaren atzealdean zegoen. Eta handik Plazara joan ondoren, kale buelta egiten genuen. Hau da, Plazatik Zinko-Eneara, eta Kale Nagusitik, berriz ere Plazara» .
Lehen urtean, trikitixaren doinupean, koplak kantari eman zuten parte hartzaileek kale buelta. Bertsolarien parte hartzea apur bat beranduago heldu zen. Hasierako urteetan, herriko orduko bertsolari gazteak, Jon Eiz­mendi, Paulo Joxe Aris­to­rena eta Joxe Mari Mujika Anatx aritu ziren bertsotan.
Patxi Odriozolaren abu­ruz ez ei zegoen ohol­tza hobeagorik, kalean, jendearen inguru-marian kantatzea baino. Bertso­la­ria, plazagizon egiteko leku paregabea zen kalea bere ustez. Egun, Herna­niko Bertso Eskolaren kimuak aritzen dira errondan bertsotan.
Baita hain kimuak ez direnak ere. Jon Eizmen­dik (Hernani, 1970), dozena urte izango zituen lehen aldiz errondan ber­tsotan atera zenean.  Eiz­men­dik, Eskolarteko Ber­tso­lari Txapelketa, 1983 eta 1984an irabazi zituen. Errondan bertso kantari atera izan den urte mordoa ondo gogoan ditu Por­tu auzokoak. Begiru­nea dio errondari nahiz eta gaztetan, errondan irten baino bizpahiru egun lehenago, data gogoan, dezente urduritzen zela aitortu.
«Oso gaztetik hasi nintzen. Orain, erronda, ohitura bihurtu da. Gauza normala da. Lehen ez. Hasie­ra guztiak dira zailak. Kalean kantatzea ez da erraza, eta ´jendeak nola erreakzionatuko ote du gazteok bertsotan hasten garenean?` edota, ´ondo egingo al dut bertsotan?`, galdetzen nion maiz nire buruari».
Bertsolariaren iritziz, Urte Zaharreko erronda, bat baino gehiagorentzat, jende aurrean bertsotan ikasteko eskola izan da, eta da. «Orain berriz, lo­tsatia izan arren, gustura aritzen naiz jendartean kantari. Ekimen edo ikuskizun polita da oso erronda».
Urte Zaharreko erronda ez da iragana. Oraina baizik. Abenduaren 31n, udaletxeko arkupetatik arratsaldeko 17:15etan ir­ten­go da. Pasa nahi al du­zu kopla kantari Urte Zaharretik berrira? Zatoz, gonbidatua zaude!

KOPLAZ KOPLA
Lehen urteetan, Bingen Zupiria eta Patxi Odriozolak sorturiko koplak kantatu ziren kalez kale. Ondoren, Joxe Mari Arrietak ere bere uzta erantsi zuen. Hona, saio bakoitzari sarrera ematen dion koplarekin batera (‘Dios te salve …’) lehen urte haietako sorta:

´Dios te salve´ ongi etorri
gabon jainkuak diela,
legearekin kunpli dezagun
urte berriyan bezpera.
 
Usariyua ez bada ere
hastera goaz kantari,
agur esanaz urte zarrai ta
berriyai ongi etorri.

Bake eskean gabiltzan denok,
jarrai dezagun lanean,
altxa dezagun herri libre bat
osasun eta pakean.
 
Neska apain bat ikusten dut nik
gure aurrean dagoela,
nobiorikan falta badezu
hemen badezu aukera.

Umore onak bultzata gatoz
sutondotikan herrira,
kopla kantari pasa gaitezen
urte zarretik berrira.
 
Andaluziko lurren antzera
legor gure eztarriak,
arren atera ardo pixka bat
ito gabe egarriak.
 
Luzatzen ere ari gera ta
ez ote dira nahikoak,
ondo bukatu lengo zarra  ta
Urte berri on Jainkoak!

HERNANITIK BILBORA
Urteak dira Bingen Zupiria Bilbon bizi dela. «Castaños auzoak, herri txiki baten antza du», gaineratu du. Horregatik, adibidez, ez du bere jaioterria ahantzia. Ezta ohiturak ere. «Aurten, okerrik ez bada, Urte Zahar egunean kantari irteteko ohitura Bilbon ezarriko dugu», esan du Zupiriak.
Duela hilabete batzuk, gau batean, Bilbon bizi den beste hernaniar batekin egin zuen topo. «Berak ere Hernaniko errondako lehen urteetan parte hartu zuen. Elkar zirikatu eta esan genuen, ‘zergatik ez dugu Bilbon erronda martxan jartzen?’ Bi aldiz pentsatu gabe lanean hasi ginen». Hau da, esan eta egin. «Xabier, anaia, garai bateko koplak biltzen aritu da, partiturara transkripzioa egin dugu eta abenduaren 31ean, auzoko kale nagusietatik barrena kantuan bira bat emango dugu ziurrenik», gaineratu du hernaniarrak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!