«Lehen Munduak abusatu egiten du Hirugarren Munduarekin, maila ekonomikoan, maila sozialean, kulturalean, politikoan eta erlijiosoan». Hori salatu zuen atzo Angel Olaran misiolari hernaniarrak, Gipuzkoako Diputazioko Areto Nagusian, Gipuzkoako Urrezko Medaila eman zioten ekitaldian.
Markel Olano Ahaldun Nagusiak egin zion ongietorria Diputazioan, eta dantza, laudatio bat, eta bertsoak ere izan ziren, sari-emate ekitaldian. Markel Olanok esker oneko hitzak izan zituen, eta bertsoak Maialen Lujanbiok kantatu zizkion.
Ekitaldian jende ezagun asko zen, eta hernaniar asko ere bai: Hernaniko alkate eta zinegotziak, Setien gotzain ohia, Olaranen familiarteko eta lagunak...
«Kontradikzioa sortzen dit horrelako ekitaldi batek»
Bideo batean kontatu zuten Angel Olaranek Afrikan egin duen lana, azken 40 urteetan; hasi Tanzanian, eta orain Wukron, Etiopian.
Ondoren, Olaranek hartu zuen hitza, eta adierazi zuen kontradikzioa sortzen ziola horrelako sari bat jasotzeak. «Aberatsen mundutik begiratuta, txalogarria da horrelako ekitaldi bat; baina pobreen mundutik, txalo horiek, goragalea ere eman lezakete». Abuso hitza erabili zuen Hirugarren Munduarekin egin dena deskribitzeko. «Oso tristea da, batzuk aberastasunean bizi diren bitartean, beste batzuk ondoan miserian izatea. Baina jatekorik ez dutenei esker aberastea, hori diabolikoa da. Deabrua bera ere bildurrez egongo da mundu honi begira».
«Orain 500 urte hasi zen Afrikako tragedia»
Gaur egun egiten denak izenik ez duela adierazi zuen Olaranek. «Orain dela 500 urte inguru, hiru karabela iritsi ziren Europatik Afrikara. Orduan hasi zen tragedia. Lehenengo esklabutza, gero kolonialismoa, eta orain... oraingoak ez du izenik! Gaur, inoiz baino harroago defendatzen dugu gure demokrazia, zibilizazioa, eta gizatasuna... eta inoiz baino hildako gehiago eragiten da... eta onartu».