Santo Tomasetako bi sari Hernanira: eztia, Asier Garciak; fruta, Maddi Iradik

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 23a, 01:00

Santo Tomas eguneko 5 sari nagusietako 2, hernaniarrek irabazi dituzte. Eztietan, gainera, lehenengo hiru sariak irabazi dituzte hernaniarrek: Jose Miguel Aizaga eta Angel Diaz dira bigarren eta hirugarrena.

Hernanira etorri dira Santo Tomas eguneko bi sari nagusi: eztirik onenaren saria Asier Garciak irabazi du, Napa­rralde baserrikoak, eta fruta sariketa, Ma­ddi Iradik, Zabaloenea ba­se­rrikoak. Gainera, nabarmen geratu da, Ereñotzu bailara aparta dela ezti produkziorako, bigarren eta hirugarren sariak ere hango produktoreek irabazi baitituzte. Jose Miguel Aizagak bigarrena, eta Angel Diazek hirugarrena. Aizagak Aparrainen ditu erlauntzak, eta Diazek Larre-Gainen.  

«Ezti argia, akazia asko daukana»
Asier Garciak dioenez, berak egiten duen eztiak akazia as­ko dauka; «ezti argia eta zapore ederrekoa da. Nahasia da, mila-lorea esaten zaiona, bai­na akazia proportzio haundian dauka. Gaztaina ere izaten du pixka bat, eta txilarra (edo aiñarra) ere bai».

Julian Ur­kio­la da sa­riketan epaimahai-kideetako bat, eta Gipuzkoako Eztigileen El­kar­teko Lehendakaria. Berak ere hala esan zuen atzo: «aurten irabazi duen eztia da, ezti argia, garbia, mila-lorea, bai­na akazia proportzio haundia daukana».

80-100 kilo urtean
Bederatzi eztigile presentatu dira aurten sariketan. Ezti urte onena ez omen da izan aurtengoa, eta nonbait, produkzio haundiegirik ez dute izan eztigileek. Garciak 80-100 kilo ezti ateratzen ditu urtean, gutxi gorabehera. Orain dela 6 urte hasi zen eztia egiten, Donos­tiako lagun batek animatuta. «Fraisoron kurtsilo bat egin nuen, lagun batek animatuta. Naparralden ba­neukan er­laun­tzak jartzeko lekua, eta mundu hau beti gustatu izan zait. Eztia izugarri gustatzen zait, eta batez ere, etxerako egiten dut: neronentzako, familikoentzat, la­gu­nentzat... Napa­rraldeko hiru erlaun­tzez gain, baditut gehiago ere, Es­noze herrian (Nafarroa). De­ne­ra, urtean 80-100 kilo inguru ateratzen ditut. Hobby mo­du­ra egiten dut; nere asmoa ez da sal­tzea, edo hontatik bizi­tzea».

Sekretua: leku ona
Ereñotzuk badu zerbait, ezti ona egiteko. Aurten, hiru sariak Ereñotzuko erlazainek irabazi dituzte, eta lehen ere sariketa asko irabaziak dira ereñotzuarrak. Garciak ere garbi dauka, ezti ona egiteko sekretua, batez ere, lekua dela. «Eztia egiteak baditu bere zailtasunak, eta gainean bazaude, produkzio haundiagoa eta hobea ateratzen duzu. Hala ere, sekretu haundiena da: lekua. Napa­rral­de inguruan akazia asko dago, eta ez da kasualitatea, inguru honetako eztigileek ira­baztea horren­beste sariketa».
Beste klabe batzuk ere eman dizkio Garciak Kro­ni­kari, baina berak dioenez, hori gehienek egiten dute: Zen­trifugatu eta dekantatu egiten da eztia, hau da, reposoan utzi, eta zikina gora joaten da. Behean geratzen den eztia da garbiena, zikinik gabea. Horrez gain, umedadea kontrolatu, ilunpean gorde...

Maddi Iradik, fruta sariketa
Zabaloeneak irabazi du fruta sariketa, beste behin ere. Az­ken 13 urteetan irabazi dute iraditarrek Santo Toma­se­ta­ko saria, eta ezagun bi­hur­tu dira. Baita beste txapelketa batzuetan ere: aurten, adibidez, Ordi­zia­ko Sari Nagusia irabazi dute, eta Urretxuko eta Zumarragako Santa Lu­zitakoak ere bai. Urtea bukatzeko, Elgoibarren izango dira, Gabon Zaharretan. Batez ere, salmenta on bat izatea nahiko luke Manu Iradik, Maddiren aitak, eta saria suertatzen bada, hobe.  Asteartean, errege sagarra saldu zuten Donostian gehiena, eta beste lekuetan baino haundiagoa saldu zela dio Iradik. Neurriaren arabera, 1-5 euroan saldu zen kiloa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!