Gabonen barruan, Bertsolata, Hernaniko bertso astea antolatu du aurten ere Bertso Eskolak eta etzi, Gabon eskea egingo dute, bigarren urtez. Arratsaldeko 15:00etan Plazatik abiatu eta Zikuñaga eta Osiñaga auzoetan barrena erronda egingo dute Olentzerorekin. Herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Bi aurkezpen,
datorren astean
Aurten, bi aurkezpen garrantzitsu izango dira Bertsolataren barruan. Alde batetik, abenduaren 28an Ornitorrinkus lanaren aurkezpena izango da, Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabier Erkiziaren eskutik, 19:00etan Milagrosan. Sarrerak 5 euro balio du. Eta bestetik, abenduaren 30ean, Bertso Eskolako web gunea, DVDa eta material didaktikoaren aurkezpena izango da, 19:00etan Biterin.
Horrez gain ez dira faltako Urte Zaharreko erronda, 18:00etan, Plazatik abiatuta, eta Errege Eguneko bertso saioa, 19:00etan Biterin. Sarrerak 7 euroan daude salgai Aralar eta Tripontzi tabernetan.