Plenoan, atzo erabaki zen Arau Subsidiarioen Errebisioaren Testu Bateratuari behin-behineko onarpena ematea, zenbait alegazio kontuan hartu ondoren. Gobernu Taldeak eta Ezker Batuak alde bozkatu zuten eta EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta H1!-ek kontra. Sozialistek azaldu zuten kontra bozkatuko zutela, «alde batetik, arauen errebisioa izan beharrean, arau berri batzuk direlako eta Diputazioak jada onartuak zituen arau batzuk aldatu direlako. Bestetik, Portu-Karabeli dagokionean, lur eremu gehiengoa ez urbanizagarri bezala kalifikatu delako eta herrigunearekin haustura eragiteaz gain, aukera galduko delako babestutako etxebizitza asko egiteko. Horrez gain, Florida bermoldatzeaz hitz egiten da, baina aldi berean bertako industria mantenduko da eta gure ustez aukera on bat galdu da. Horrez gain, testu bateratu honek dakar aldaketa zirkulazio sisteman eta beste gauzen artean, egingo da irla zentral bat trafiko zati haundi bat auzo desberdinetara bideratuz, lehendik asetuta daudenak eta behar adinako azpiegitura ez dutenak trafiko hori jasateko. Hori dela eta, eta aurkeztu ditugun alegazioak kontutan hartu ez direlako, kontra bozkatuko dugu». H1! eta EAJ-PNV alderdiek ere kontra bozkatuko zutela azaldu zuten, beraien alegazioak, orokorrean, onartu ez direlako.
Gobernu Taldearen izenean, Marian Beitialarrangoitia alkateak azaldu zuen alegazioen portzentai oso altu bat onartu dela eta oso garrantzitsua iruditzen zaiela. 253 alegazio aurkeztu dira eta horietatik %69 ontzat hartu dira. Eta batez ere nabarmendu zuen Floridako kasua, «lortu delako helburu garrantzitsua zena, hau da, tren azpiko pasoa egitea eta trafikoa behar bezala antolatzeko hartu beharreko neurriak hartzea Papelera del Norte bota gabe». Eta gai horri dagokionean, azaldu zuen ez datorrela bat alderdi sozialistarekin: konpatibleak diren jarduerak zergatik ez elkarrekin utzi?AMR zonalde horretatik kendu eta beste enpresa batzuk hor utzi daitezke. Uztargarriak dira».
3 Udal etxebizitza
alokairuan jartzea eta
apartamentu tutelatuen ordenantza, onartuta
Arau Subsidiarioez gain, beste gai batzuk ere landu ziren atzo Plenoan: alde batetik, Udalarenak diren 3 etxebizitza alokairuan jartzea eta horien gestioaren ardura Alokabideri uztea erabaki zen, Gobernu Taldearen, Ezker Batuaren eta Alberdi Sozialistaren aldeko botoekin. EAJ-PNV, H1! eta PP abstenitu egin ziren.
Bestetik, Ongintzaren apartamentu tutelatuak martxan jartzeko, zerbitzua arautzen duen ordenantza onartu zen, aho batez.
Eta horrez gain, onartu ziren Amherrekin hitzarmena, aho batez, eta abenduak 18, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren adierazpena, ia aho batez; PP abstenitu egin zen.