Web orri berria martxan, informazioa eskurago jarriz eta partehartzea bultzatuz

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 21a, 01:00

Iruzkinak egiteko aukera izango da eta sare sozialetarako loturak egongo dira. Horrez gain, gestio asko internetez egin ahal izango dira.

Gaur, Udalaren web orrian sartzen denak guztiz itxuraldatuta ikusteaz gain, informazioa eskurago eta berrietan parte hartzeko aukera izango du. Hori da behintzat Udalak lortu nahi duena web orri berri honekin. «Udalak herritarren zerbi­tzura egon behar du osotasunean eta bide horretan web orriak berebiziko garrantzia zuela ikusten genuen. Guk egiten duguna herritarrek jakin behar dute. Eta horrez gain, beraien beharrak jakin nahi ditugu eta horregatik web orri honetan kontuan har­tu dugu zerbitzua ez izatea norabide bakarrekoa; hartu-emanekoa baizik», azal­du zuen Marian Beitia­larrangoitia Hernaniko alkateak atzo, aurkezpenean. Gaineratu zuen web­ orri hau irekia dela eta gauza berriak sartu edo ken­tzeko aukera ematen duela, orain arte ez bezala. «Beraz, ez dugu bidea bukatu; aurrera be­­gira, egoki­tzen joango gara».

7 atal nagusi
Web gunea berritzeaz Harman enpresa arduratu da eta bertako ordezkariak, Inhar Olanok edukiaren eta diseinuaren berri eman zuen: «Web gune zaharrak informazio asko ematen zuen, baina zailtasunak zeuden informazioa aurkitzerakoan; fokoa falta zuen. Orain notizi bat nabarmenduko dugu. Horrez gain, iruzkinak egiteko aukera izango da eta egun, hain garrantzitsuak diren sail sozialetarako loturak egongo dira, hala nola, Twitter, Facebook...». Erabilga­rri­ta­sunari lotuta, honako atalak egongo dira: Berriak, Zer­bitzuak, Tramiteak, Herria, Udala, Multimedia eta Bisita gaitzazue. Bilatzailea ere izango du. Euskeraz eta gazteleraz izango da eta ezinduen­tzako egokitua ere bai.

Zerbitzu Telematikoak
Jon Garmendia Udaleko informatikoak Zerbitzu Telema­tikoak atala azpimarratu zuen, horren bidez, herritarrek gestio ugari internetez egiteko aukera izango dutelako Udaletxera joan gabe. Besteak beste: erroldatze ziurtagiria lortzea, tasak eta zergen kontsulta egitea, ordainagiriak eskuratzea, isunak ordaintzea… Horretarako identifikazio digital bat izan behar du erabiltzaileak eta hori lortzen da ONA edo Izenpe txartelekin, KZgunean eskatuta, edo NA elektronikoaren bidez. Gar­men­diak azaldu zuen segurtasunerako, komenigarria de­­la txartel irakurlea erostea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!