Landa eremuan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonei eta mugikortasun arazo haundiak dituzten pertsonei zuzenduta, Bidez Bide, enkarguak egiteko furgoneta zerbitzua dago 2008tik, eta urtetik urtera gehiago erabiltzen dela jakinarazi du Ongintza Udal Patronatuak. «Iaz, urte osoan 756 bidaia egin ziren (egunero 3,3), aurten berriz, 2009ko irailetik 2010eko abuztura, 1013 bidaia egin dira (egunero 4,5)». Urte osoko datuak biltzean jakinaraziko dituzte.
«Datuek argi uzten dute furgonetaren erabilera errotuta dagoela. Egunetik egunera erabiltzaile gehiago daude eta erabiltzaileek maizago darabilte», gaineratu dute. Hori horrela, «landa eremuko herritarrek zerbitzuarekin gustora eta pozik daudela ikusita», 2011 urterako konbenio berria sinatuko dute Ongintza Patronatuak eta Behemendi Landa garapenerako elkarteak.
Furgoneta gehien erabiltzen dutenak, Ereñotzuarrak
Erabiltzaileen jatorriari erreparatuz, furgoneta gehien erabiltzen dutenak Ereñotzuko biztanleak dira (13 erabiltzaile), gero Ugaldetxokoak (6 erabiltzaile) eta Pagoaga eta Akarregi (4na erabiltzaile). Guztira 39 pertsonek erabiltzen dute zerbitzua. Eta egiten diren bidaien %62a Ereñotzuko erabiltzaileek egiten dute.
Erabilera, egunaren araberakoa ere ezberdina da. Osteguna, feri eguna da furgoneta gehien erabiltzen den asteko eguna %33,4; eta astelehena gutxien %12,8.
Zerbitzua astelehenetik
ostiralera, goizetan
Bidez Bide zerbitzuarekin, mugikortasun arazo haundiak dituzten pertsonei eta landa ingurumean bizi diren adineko pertsonei aukerak eman nahi zaizkie beraien ez ohiko eginkizunak (medikura joan, erosketak egin...) beraien kabuz egin ditzaten. Horretarako, furgoneta egokitu baten zerbitzua eskaintzen da astelehenetik ostiralera, goizeko 08:00etatik eguerdiko 12:00etara. Erabiltzaileak bere herriko erdigunera jaisteko aukera du eta etxerako buelta txoferrarekin adosteko aukera du.
Funtzionamendu erraza
Bidez Bide furgoneta zerbitzuaren funtzionamendua oso erraza da. lehenik eta behin, Ongintza Patronatuan eman behar da izena eta eskaera onartzen badute, gidariaren mobilaren zenbakia emango zaio. Herrira joan behar duenean txoferrari deituko dio eta zita egingo dute. Komeni da egun bat edo bi lehenago deitzea, txoferrak bere egutegia antolatu dezan. Eguna zehaztuta, txoferra etxeko atarira joango da bila. Herrira eraman eta bertan enkarguak egin ondoren, txoferrak etxera eramango du berriz. Ongintzako telefono zenbakia: 943 55 78 54.
Autonomia bultzatzea eta bazterketa saihestea,
helburu
Zerbitzu honen helburuen artean, 6 dira Ongintzak eta Behemendik azpimarratzen dituztenak: erabiltzaileek autonomia gehiago lortzea; beren kabuz mugitzeko zailtasun haundiak dituztenei gizarte gorabeheretan gehiago parte hartzen lagundu; gizarte bazterketa saihestea; hiri eta landa eremuko harremanak eta loturak mantendu eta bultzatzea; pertsona ahal den neurrian bere ingurunean mantentzea; eta hirigunera hurbiltzeko zailtasunak saihestea.