Aste honetan jakin dugu Udalak beregain hartu eta martxan jarriko duela Zaharren Egoitza berria. Nola iritsi da Udala erabaki hori hartzera?
Zaharren Egoitza zerbitzua 2001etik Diputazioaren eskumena da, Eguneko Zentrua bezala. Bigarren mailako zerbitzu guztiak dira bere eskumena, eta Udalenak lehenengo mailakoak, Etxez Etxeko zerbitzua, etxe sozialak eta apartamentu tutelatuak diren bezala. Diputazioak, ordea, ez du beregain hartu. Eta Hernanin bezala beste 16 herritan gertatzen da hori. Gu 2009ko maiatzetik harremanetan gaude Diputazioarekin, akordio baten zain.
Eraikin berriari dagokionean, guk ikusten genuen esfortzu haundia izan zela eraikin berria egitea eta martxan jarri behar genuela, nahiz eta kostua izango duela badakigun. Eraikina irekitzea ez da irekitzea bakarrik. Gastu arruntak igo egingo zaizkigu. Eraikin bat mantentzea edo bi ez da berdina. Eta irekitzen bada, betirako da, gastu horiek finkoak izango dira.
Gobernu Taldeak erabaki du datorren urteko aurrekontuetan Ongintzari dagokion zatia mantentzea eta horrekin bideratuko litzateke Zaharren Egoitza berria martxan jartzea. Nola?
Egin duguna da gastu arrunta oso kontrolpean eduki 2010 urte osoan. Eta lege aldaketaren ondorioz, egon da BEZaren aldaketa. Kasu batzuetan zena %16a, bihurtu da %18a, baina beste batzuetan %7a genuena, %4a da orain. Eta soziosanitario diren zerbitzu guztietan BEZa ez da kontenplatzen. Beraz, horrek eragin du ditugun gastu haundi batzuetan kostua murriztea. Nahiz eta zerbitzua berdina izan kostua txikiagoa izan da. Horrek ahalbidetuko digu diru kopuru berdinarekin aurre egiteko aukera izatea beste gastu batzuei, zerbitzuak murriztu gabe. Are gehiago, gehitu egingo ditugu. 2011 urtean zerbait potoloan inbertituko badugu, argi daukagu Ongintzan izango dela.
Noizko espero da martxan
jartzea?
Hori izango da aurrekontuen arabera, onartzen denaren arabera. Orain ikusi behar da beste alderdi politikoek zein zuzenketa proposatzen dituzten. Eta horren arabera erabakiko da Plenoan onartzea edo ez onartzea. Eta onartzen badira zein zuzenketekin bai eta zein zuzenketekin ez.
Orduan, aurrekontuak onartu arte ezin esan daiteke ziur, Zaharren Egoitza irekiko dela?
Ireki, irekiko da ziur. Gertatzen dena da aurrekontuen arabera modu batera edo bestera irekiko dela. Aurrekontu hori ez balitz onartuko, minimo batzuekin irekiko genuke. Nolabait, modua izango genuke gastu arruntei aurre egiteko, baina inbertsioak egiteko gaitasunik ez genuke izango. Eta gustatuko litzaiguke gure aurrekontuak onartzea eta horren ondorioz beharrezko egokitzapenak ondo egitea eta baldintza egokietan irekitzea. Aukera badaukagu.
Zer behar du funtzionatzen hasteko? Zenbateko gastuaz hitz egiten ari gara?
Kortinak, bainugelako konplementoak, mahaiak, aulkiak, salatan telebistak… azkeneko gauzak dira, baina kostua dute. Gutxigorabehera 132.000 euro dira.
Hori Zaharren Egoitzari dagokionean, baina eraikin berrian Eguneko Zentrua ere badago, Diputazioaren konpetentzia dena, eta hori martxan dago. Nolatan?
Kasu honetan beharra sortu zen Diputazioaren aldetik. Argi Berria Antiguon dagoen Eguneko Zentrua itxi egin zuten Diputazioaren baldintzak ez zituelako betetzen eta hor zituzten egoiliarrak berkolokatu egin behar izan zituzten. Horietatik 13 Hernanikoak ziren eta ikusi zutenez hemen, eraikin berria bukatzear zegoela, ate joka etorri zitzaizkigun. Guk esan genuen hartuko genituela, baina Diputazioak beregain hartu behar zuela zegokion konpetentzia. Diputazioak konpetentzia onartzen zuela esan zuen eta 13 egoiliar horientzat zentrua ekipatzeaz gain, gestioaz arduratuko zela. Baina konturatu ginen aplikatu nahi zutela euren katalogoa eta hori horrela, zerbitzuaren kalitatea asko jaitsiko zela. Beraz, azkenean erdibideko zerbait adostu genuen: ekipamenduaz Diputazioa arduratzea eta zerbitzuaren gestioaz gu. Eta negoziatzen jarraitzea erabaki genuen lortu arte beraiei dagozkien konpetentzia guztiak beraiek hartzea.
Lehen 30 pertsona zeuden eta azken 13 horiekin, 43 daude orain. Eta datorren urterako espero duzue 6 gehiago sartzea.
Bai gure helburua da 2011n 49 pertsona izatea Eguneko Zentruan. Azken 6 horiek guk proposatu ditugu eta Diputazioak beharrezko oniritzia eman digu. Leku aldetik, 60 pertsonentzako lekua dago orain, Eguneko Zentruan, baina gure asmoa 50 egoiliar izatea zen eta 49rekin oso pozik gaude. Hernani batentzat 49 egoiliarreko Eguneko Zentrua izatea oso potentea da.
Eraikin berri horretan 12 apartamendu tutelatu eta 4 etxebizitza sozial ere badaude.
Kasu horietan eskumena osotasunean Udalarena da eta helburua da 2011rako apartamenduak ekipatzea eta erabiltzeko prest egotea. Denak pisu berean daude eta guztiak batera martxan jartzea pentsatu dugu, hobe izango dela zatika egitea baino. 4 etxebizitzak momentuz ez ditugu ekipatuko. Udalak baditu beste etxebizitza sozial batzuk eta oraingoz beharra asetuta ikusten dugu.
Aipatutako zerbitzuez gain, Ongintzak zein zerbitzu eskaintzen ditu?
Mila gauza. Oinarrizko gizarte zerbitzu guztiak, laguntza psikologikoa, laguntza ekonomikoa, famili ugariko txartela egitea, drogomenpekotasunaren teknikaria, Kontsumo Bulegoa, Goiz Eguzki jubilatu etxea, etxebizitza sozialak... Gizarte zerbitzua oso zabala da.
Zenbat pertsona ari dira Ongintzan? Zaharren Egoitzan, Eguneko Zentruan...
Oso zaila da hori zehaztea. Hemen egunero egiten dira kontratuak. Hemen ordubete falta bazara, norbait jarri behar duzu ordezkatzen, beraz plantilakoak bakarrik esatea ez da langile kopuru erreala.
Baina Hernani izango da ziurrenik lehen aipatutako 16 herri horien artetik langile zuzen gehien dituen herria. Eguneko Zentrua dena, azpikontrata bidez da eta Zaharren Egoitzako gaueko zerbitzua ere bai. Beste guztian langile zuzenak dira. Zaharren Egoitzan dira 30 klinika laguntzaile; solairu bakoitzeko arduradun bat, beraz, 3; sukaldari bat eta bi laguntzaile; mantenimenduko pertsona bat; 8 garbitzaile; harreran pertsona bat; kudeatzaile bat; gizarte laguntzaile bat eta beste bat kontratu ez finkoarekin; 2 administrari eta 2 administrari laguntzaile... baina ezin da zehaztu zein den sail bakoitzerako.
Amaitze aldera, zure ustez Gobernu Talde honek zer lorpen nagusi egin ditu Ongintzan?
Lehen aipatutako horiek: Eguneko Zentruan 49 egoiliar izatea, Etxez Etxeko zerbitzua mantendu ez ezik, ordu kopurua igotzea, krisi garaia izan arren, eta Zaharren Egoitza berria eta apartamendu tutelatuak martxan jartzea. Nire ustez ikaragarrizko lorpenak dira.
Eta aurrera begira, zeintzuk dira eman beharreko pausuak?
Argi dago lanean jarraitu behar dugula eta Diputazioarekin negoziatzen, bakoitzak berari dagozkion konpetentziak hartu harte. Ez da bakarrik jakitea konpetentzia horiek zeintzuk diren, aurrera eramatea ere bada. Eta ez guk esaten dugulako, horrela delako baizik.