Zaharren Egoitza berria martxan jarriko du Udalak, gastuak bere gain hartuta. Hala jakinarazi zuen joan den astelehenean. Edifizio berria martxoan bukatu zen eta ordutik Diputazioaren zain egon dira behar bezala ekipatu eta martxan jarri zezan; bere konpetentzia baita. Diputazioak ezer egiten ez zuela ikusita, Udalak ardura hartzea erabaki du, berriz ere. Obren gastuen %33,23 ere bere gain hartu baitzuen.
Gobernu Taldeak 2011ko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen astelehenean Ogasun Batzordean, eta bertan argi utzi dute Ongintza arloa dela apustu nagusienetakoa. Bertara bideratutako dirua ez du murriztuko, bestelako hainbat gastu gutxitu dituen arren, eta horrek ahalbidetuko du, martxan jartzea Zaharren Egoitza berria eta Udalarenak diren 12 apartamendu tutelatu, Izaskun Ezeiza Ongintzako Lehendakariaren esanetan. Eta horrez gain, martxan dauden beste zerbitzu batzuk hobetzea: «Etxez Etxeko laguntzan, esaterako, 2011 urtean, ordu kopuru gehiago emango ditugu; gutxigorabehera orain arte eskaintzen ditugunak baino 400 ordu gehiago urtean. Eta Eguneko Zentruko zerbitzua ere indartu egingo dugu. Lehen, eraikin zaharrean 30 pertsona genituen, 2010ean 43ra igo ditugu eta 2011n 49 izango dira. Eguneko Zentruko plazak hitzartuta izan dira Diputazioarekin, beraz, bere aportazioa egingo du».
Aurrekontu proposamena zuzenketa fasean dago orain. Alderdiek zuzenketak egiteko epea izango dute urtarrilaren 5era arte. Ongintzaren kasuan, abenduaren 30era arte. Ondoren, Plenotik pasako da onartu edo ez erabakitzeko eta onartzen bada, zein zuzenketekin.
Eraikin berria, egoiliarrek merezi duten ordaina
Zaharren Egoitza egokitzeko obrak eta eraikin berria egitea Diputazioak derrigortu zuen, berak ezarritako baldintzak betetzen ez zirela eta. Hala azaldu du Ezeizak: «Edifizio zaharrean 3ko gelak zeuden eta legeak ez du uzten. Horrez gain dio, banakakoak izan behar dutela %25». Eraikin berriko 6 pisuetatik goiko 3ak Zaharren Egoitzakoak izango dira eta guztira 36 gela daude; 12na pisu bakoitzean. Gelak banakakoak eta bikoak izango dira. Haundiak eta argitsuak, batzuk balkoiarekin, terraza goiko pisuan, lehenengoan psikogeriatria...
Pertsona kopurua mantendu egingo da. Orain arte bezala 111 izango dira. «Eraikin berria egiteko eraikin zaharra egokitu egin da eta egoiliarrek obra eta eragozpen guztiak jasan behar izan dituzte. Horren aurrean izan duten jarrera ona eskertu nahi diegu. Eta iruditzen zaigu kalteen ordaina izango dela eraikin berria. Bizi kalitate askoz hobea izango dute eta merezi dute. Horregatik plaza berdinak izango dira, beraiek izatea nahi dugulako», azpimarratu du Ezeizak.
Apartamendu tutelatuak 0 pisuan egongo dira. Eguneko Zentrua eta bi etxebizitza sozial -1 pisuan eta -2 pisuan beste hiru etxebizitza sozial eta instalazioak. Zaharren Egoitzako eta Eguneko Zentruko bi eraikinak konektatuta daude.