HAMAIKABAT alderdiak Kronikara bidalitako prentsa oharrean dioenez, datorren urtean, Hernanik 898.000 euroko defizita izango du. Ogasun Batzordea izan zen joan den astean, eta Gobernu Taldeak 2011ko presupuestoak aurkeztu zituen (Kronikak ez du aukerarik izan aurrekontu horiek lortzeko).
Hamaikabat alderdiak adierazi du, aurrekontu horiei begiratuta, izugarri igo dela hondakinak biltzeko gastua. «2009ko datuak hartu ditugu, aurreko sistemarekin zenbat gastatzen genuen ikusteko, eta 2011n %60 gehiago gastatuko dugu. 2009an 1.090.000 euro gastatu ziren; 2011n 1.713.000 euro gastatuko dira. Diru sarrera gisa berriz, herritarrek ordaintzen duten tasetan, 814.500 euro jasoko dira, beraz, defizita, 898.000 eurokoa da. Lehen, 297.500 eurokoa zen».
866.000 euroko kreditua
Iñaki Arratibel Hamaikabat alderdiko bozeramaileak dio, 2011n Udalak 866.000 euroko kreditua eskatu duela, eta Atez Atekoaren defizitik izan ez balitz, ia ez zela eskatu beharrik ere izango. «Krediturik ia ez genuen eskatu beharrik izango, eta inbertsioetan diru gehiago gastatu ahal izango genuen».
Arratibelek dioenez, 2009an herritarrek ordaintzen zituzten tasek %72 kubritzen zuten sistemaren gastua; gaur egun berriz, tasa horiekin ez da kubritzen %50 ere. «Denok ordaindu beharko dugu, Atez Atekoaren ruina hau».