Umezurtz proiektua
Wukroko umezurtz proiektuarekin orain 10 urte hasi zen lanean Angel Olaran; oso baliabide gutxirekin hasieran. Ordutik ona, elkarte eta pertsona askoren laguntza jaso du Olaranek, eta pixkanaka, bideragarri bihurtu da proiektua.
Helburu zehatzak:
- Umezurtzei laguntza berezia ematea hezkuntzan eta oinarrizko beharretan, garapen osoa izan dezaten; etorkizunean bere burua aurrera ateratzeko gai izan daitezen.
- Hiesaren prebentzioan lana egitea, eta gaixotasuna dutenei laguntza eta zaintza ematea.
- Laguntza ematea kalean bizi diren haurrei, gazte langabetuei, emakumeen mende bizi diren familiei, desgaituei eta erabateko pobrezian bizi diren zaharrei. Beraiei egokitutako programen bidez ematea laguntza, bere burua aurrera ateratzeko gai izan daitezen.
- Landa eta hiri garapeneko jarduerak antolatzea gune erabakigarrietan, familien elikadura ziurtatzeko. Horretarako, baliabide hidrikoak, ureztatzeak, nekazaritza negozioak, basoberritzeak eta gisa honetako ekimenak bultzatzea.
Hezkuntza:umezurtzen Sain Mary ikastetxea
Angel Olaranek sortutako proiektu eredugarrien artean, nabarmentzekoa da Sain Mary ikastetxea. 350 ikasle joaten dira Wukron. Era berean, bera arduratzen da inguruko 2.400 umeetaz, Olaranek emandako laguntzatik bizi dira guztiak.
Oinarrizko hezkuntzaz gain, ikastetxeak beste era askotako ikasketak eskaintzen ditu, hala nola, soldadura, elektrizitatea, nekazaritza, merkataritza, jantzigintza eta abar.
Osasungintza: hiesa eta tuberkulosia
Hiesak eta tuberkulosia oso zabalduta daude Etiopian, eta Angel Olaranek askotan hartu behar izan ditu bere gain guraso eginkizunak, umezurtz geratu diren haur eta gaztetxo askorekin. Halako familietan, anai-arreba zaharrenek zaintzen dituzte gazteagoak alokairuzko etxebizitzetan; gipuzkoar misiolariek antolatutako programa bati esker.
Mikrokredituak
Angel Olaranek Wukron antolatu dituen ekimenen artean, bereziki nabarmendu beharreko beste bat da mikrokredituena. Kreditu benetan txikiak dira, gehinez ere pertsona bakoitzeko 1.000-1.500 bir bitartekoak (100-150 bat euro). Negozioak finantziatzeko ematen dira: oiloak, behiak edo barazkiak erosteko, tapizak saltzeko, janaria edo egurra eskuratzeko, eta abarretarako. Mikrokreditu gehienak emakume prostituta, alargun edo ama ezkongabeei ematen zaizkie.
GKE lankideak
Ordutik hona pertsona eta elkarte ugari elkartu dira GKE proiektura, eta guztien artean egin dute bideragarri. Gobernuz kanpoko erakundeen artean, Donostian sortutako Elkartasun Jangela dago, Angel Olaranen misioari zuzenean lotuta.
Elkartasun Jangela: lotura bat
Gipuzkoatik Afrikara
2004an unibertsitateko bi ikasle gaztek karrera amaierako bidaia antolatu zuten Etiopiara. Joan aurretik, hedabideen bitartez jakin zuten Angel Olaranek herrialde hartan egin duen lanaren berri, eta bertatik bertara ezagutzea erabaki zuten. Wukroko errealitatearekin izan zuten harreman hartatik sortu zen Elkartasun Jangela.
Elkartasun Jangelaren bitartez, Wukroko 500 neska-mutilen elikadura, osasuna eta hezkuntza bermatu nahi da. Haur hauek Eritrearen aurkako gerra bizitakoak edo hiesaren ondorioz, guraso gabe geratutakoak dira.
Elkartasun Jangelan lan egiten dutenen iritziz, elikagai soberakinak sortzen dituen mundu honetan, etikaren ikuspuntutik onartezina da populazioaren zati haundi bat goseak egotea. Elkartasun Jangelak Gipuzkoako Medicus Mundi elkartearen babesa du.
Erlauntza proiektua
Azken proiektua aurten jarri du martxan Angel Olaranek Wukron: Erlauntza proiektua. Adierazi duenez, arrakasta izaten ari den proiektua da. Eztia egiten ari dira Wukron, eta ondoren kanpoko merkatuetan saltzen. Erlauntza bakoitzak 150 euro balio ditu, eta lagundu nahi duten herritarrek bi bide dituzte: erlauntza bat erosi edo erlauntza erdi bat erosi. Olaranek adierazi duenez, Etiopia ezti leku oso ona omen da, eta han egindako eztia kanpoko merkatuetan saltzea lortu dute, beste produktu batzuekin ez bezala, kafea esaterako.