«Gizartean klase borrokarik ez izateko, nekazaritzatik egin behar da garapena»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 19a, 01:00

Diputazioak urrezko domina emango dizu ostegunean, hamarkada guzti hauetan Etiopian egindako lanagatik. Errekonozimendu gisa hartzen al duzu?
Berria jaso nuenean harritu egin nintzen. Nonbaitera laguntzera joaten zarenean, beraiek hartu egiten zaituzte eta zuk lagundu egiten duzu. Oso naturala da, erraza eta berezkoa. Egiten dena oso gizatiarra da, eta horregatik sari bat jasotzea, ez dakit... Normalean sariak ez-ohizko gauzei ematen zaizkie. Gi­puz­koan esaterako, filosofo, iker­tzaile, zientzilari... asko daude, beraien eguneroko lanarekin Gipuzkoa mundu osoan ezagutarazten dutenak. Horrega­tik, harritu egin ninduen gisa honetako zerbitzu xume bati saria emateak. Hala ere estimatzekoa da. Nik ez dut nere lanaren errekonozimendu bezala hartu, horretan lanean ari garen guztion errekonozimendu edo sari bezala baizik, eta eskertzen dut.

Domina edo errekonozi­men­­du honek etorkizunari
begira, lagunduko al du Etiopiako egoera, zure lana, guztion eginbeharra bultzatzen?

Tristea da horrelako sari baten zain egon beharra jendea kontzientziatzeko. Guz­tiok dakigu ekonomia globalaren ondorioz, urtean 37.000.000 pertsona  ari direla hiltzen alimentazio txarrak eraginda, 100.000 pertsona inguru egunean. Hala ere, domina honek egoera alda­tzen lagunduko badu, ongi- etorria izango da... Norbaitek esan zuen bezala, Jainkoak lerro okertuak idazten ditu.

Zein da Olaranek jaso dezakeen sari haundiena?
Jendea kontzientziatzea. Urtean miloika pertsona hil­tzen direla esaten dudanean, ez naiz ari mezu bat zabaldu nahian, gertaera objetibo bat kontatzen ari naiz. Hirugarren munduan, han, guztiok egiten dugu lana eguneroko bizi kalitatea hobetzen saiatzeko, eta hori beste errealitate bat da. Pentsa, dominak banatzen hasiz gero, 37 milioi domina izango lirateke.

Orain gutxi, hilaren 11n, Donostiako Bretxan Etiopia Utopia fundazioaren denda zabaldu berri da, eta bertan ateratako dirua zure fundaziorako izango da. Nola erabakitzen duzue proietu bakoitzean zenbat diru inbertitu?
Banaketa hori momentuan erabakitzen da, une bakoitzeko beharren arabera. Presa edo behar haundiena duen proiektuan inbertitzen dugu, batzuetan heltzen den diru guztia; beste batzuetan, proiektu ezberdinetan banatzen dugu. Hango administrazioarekin ere aritzen gara lanean, eta beraiekin hitz eginda ere hartzen ditugu erabakiak.

Wukrora joan aurretik Tanzanian egon zinen. Nola izan zen proezesua?
1970garren urtean apaiztu nintzen eta Afrikako misiolarien elkartearekin egiten dut lana. Afrikara joan nahi nuen, eta Jesui­tetan edo beste ordenazio batean apaizten banin­tzen Txinara edo beste edozein lekutara bidaliko ninduten; beraiek esaten dizute nora joan behar duzun. Apaiztu nintzenean hiru herrialde aukera­tzeko nituen, eta ahal izanez gero, horietako batera bidaltzen zintuzten.

Nik Tanzania aukeratu nuen aurreneko, orduko erreferentzia batzuk banituen-eta. Bertako presidenteak jarraitzen zuen eskema politiko, sozial eta ekonomikoa gustatzen zitzaidan.  Familia girotik, herritik, kulturatik garatu nahi zuen herria. Bera­rentzat industria garatzea, klaseen arteko borroka sustatzea zen. Garapena landatik bultzatu zuen eta ez industriatik. Horrela herritarren garapena propor­tzioan lortzen da, eta ez zatika: batzuk asko, eta beste batzuk gutxi. Eta hori nere ideiekin bat dator.

20 urte pasa nituen Tanzanian, eta egun batean Etiopian eginbehar bat zegoela esan zidaten. Ez dizute joan egin behar duzula esaten, baina... nik ez nuen Tanzania uzteko pisuzko arrazoirik, gustura nengoen... Baina gustura leku askotan egon zintezke eta Etiopiara joatea erabaki nuen. 54 urte nituen orduan, eta guztia berria zen, kultura, hizkuntza... ez zen erraza izan. Hasiera batean 2 urtetarako joan nintzen, eta bertan jarraitzen dut.

Eta Wukrora iritsi
zinenetik gaur egun arte zein dira egin diren aldaketa nagusiak?
1975ean enperadorea bo­ta zuten, eta Etiopian, ba­tez ere, feudalismoak agin­tzen zuen. Ordurako Nazio Batuen barruan ze­goen, eta helburua Etio­pia nazioarteko esparrura zabaltzea izan zen. Etio­piak Afrikara baino ge­hia­go Europara begira­tzen zuen. Orduan, Italiak Etiopia inbaditu zuen, eta Nazio Batuen babes guztia jaso genuen. Italiaren kontrako erreakzio haundia izan zen, eta horrek Etiopia nazio bezala indartu zuen. Hala ere, sistema feudalak indar asko izaten jarraitu zuen.

Urteak pasa ahala joan zen feudalismoa atzera gelditzen eta nazioa indarra hartzen. Hala ere, batez ere 1992tik aurrera egin da lan gehien Etiopiaren garapenaren alde. Gaur egun oso ondo organizatuta dagoela esango nuke, landa eremuan ari baikara lanean. Gure helburua janaria ziurta­tzea da, hau da, etiopiarrak egunaren bukaeran jana izatea. Gaur egun oraindik ez dugu guztiz lortu, baina bidean gaude. Nekazaritza susta­tzen ari gara, pixkanaka lurraren eta uraren kalitatea hobetu dugu. Baserritarraren kalitatea hobetzeko ari gara lanean, hazi hobeak erabil­tzen dira, fruitu hobeak... Pixka­na­ka garatzen ari den gizartea da, batera, neurri berean garatzen ari dena.

Zuen lana ari da orduan
pixkanaka fruituak ematen. Eta lan horri amaiera noiz eman
erabakitzea ez da erabaki samurra izango. Misiolari batek noiz
ematen du bukatutzat bere lana?

Egoera fisikoak eragin haundia du kasu horretan. Mi­siolari batzuk, fisikoki bere lana bete ezin dutenean jaioterrira itzultzea erabakitzen dute. Egoera batzuetan laguntza eman baino gehiago, jaso egiten duzu. Ni oraindik indartsu nago eta bertan jarraitzeko asmoa dut. Bertan hiltzea gustatuko litzaidake,  dagoeneko aukeratu dut enterratuko nauten lekua. Gu hemen nahiko komertzialak gara, hau da, balio baduzu bertan geratzen zara, eta balio ez baduzu joan egiten zara. Han ordea, nahiz eta lagun­tzeko balio ez izan, edo molestatu, bertan geratzea nahi dute. Beraiekin egin duzu lana bertan, beraiekin bizitu zara, eta pertsona helduak zaintzea gustuko dute. Hala ere, momentua iritsi arte ezin da jakin, gaixotasun motaren arabera, medikuen beharraren arabera, erabakiak aldatu litezke.

Zein da hirugarren munduari laguntzeko modurik erraz eta
eraginkorrena?

Modurik errazena zerga ordaintzea da. Baina badaude beste bide batzuk. Sistema internazionala aldatzea ere laguntza haundia izango li­tzateke, kasu honetan, Afrika­rentzat. Ekonomikoki, Afrika Europari laguntzen ari da, eta Europak onura ugari jaso ditu Afrikarengandik. Egia da egun dugun sistema ezin dela egun batetik bestera aldatu, baina erabaki puntualak har daitezke. Krisia dela eta esaterako, Espainiako Estatuak hirugarren mundurako diru partida 918 milioi eurotan murriztu du, eta hori kriminala da.

Jendea krisia hemen izaten ari den eraginaz kexatzen da, lehen baino diru gutxiago dutelako. Eta dirudienez, krisitik ateratzea lehengora itzultzea da: lan gehiago sortu, soldata altuagoak lortu, produkzioa haunditu... He­men produkzioa haunditzen bada ordea, Afrikan gu­txitu egiten da, eta behekoa mimatu behar da. Goien dagoenak badaki soluzioak bilatzen.

Hernanik badu sentsibilitate berezia Wukrorekin. Egunen batean bi herriak anaituko balira, zertan irabaziko luke batek, eta zertan besteak?
Kataluinian badago Wukro­rekin anaitutako herrialde bat. Nik uste dut Hernanik sentsibilitate aldetik asko irabaziko lukeela. Anaitasun komertziala izango balitz soilik, Wukrorentzako bakarrik izango litzateke ona. Benetako anaitasuna izango balitz ordea, biek irabaziko lukete asko. Gaur egun baloratzen ez diren gauza asko izango lituzkete berriz ere kontuan hernaniarrek: naturalitatea, apaltasuna, errespetua. Nik amets bat ere badut: Hernaniko 20 ume Wukrora joan eta bertako umeekin denboraldi bat pasatzea gustatuko litzaidake, asko irabaziko lukete bai hemengoek eta baita hangoek ere, deskubrimentu bat izango litzateke.
Anaitasun honekin Etiopiak ekonomikoki ere onura onak izango lituzke, esaterako: hazi hobeak, fruta-arbola hobeak, hezkuntza eta osasunean aurrerapenak...

Eta hainbeste urte Hernanitik kanpo pasa ostean, zer da faltan gehien botatzen duzuna, Angel?

Egia esan, ez dut gauza asko­rik botatzen faltan. Hala ere nire sustraiak hemen daude, eta familia botatzen dut faltan. Eta nola ez, bertako paisaietaz asko gogora­tzen naiz, Oindiz, Adarraz, Santa Bar­baraz... eta baita Her­naniko kaleetaz ere. Her­naniarra naiz. 


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!