Amherek bi arlotan banatzen du bere jarduna batetik etorkinei eskaintzen zaien aholkularitza zerbitzuan, eta bestetik, publikoki egiten diren sentsibilizazio ekintzetan. Ekimen kulturalak izaten dira hauek, etorkinen inguruan herritarren ezagutza haunditzeko. Modu honetan herritarrak sentsibilizatzea bilatzen dute, etorkinen problematikaz jabetu daitezen. Ekimen hauetako asko Hernaniko bizitza kulturalean ohiko bihurtu dira. «Fijoak diren lau ekimen ditugu, eta noizean behin ezohiko ekitaldiren bat antolatzen dugu aukera sortzen delako», dio Horten Baños AMHEReko kideak. Orain dela urte batzuk SOS Arrazakeria elkartean sartu zen AMHER. Eta honek, aholkularitzak dakartzan arazoetan laguntzeaz gain, bestelako hitzaldiak edo bideo emanaldiak antolatzeko aukera gehiago eman die. SOS Arrazakeriak, AMHER baino elkarte haundiagoa izanik, hizlariak edo ekimenak antolatzeko baliabide gehiago ditu: «akordio oso baliagarria eta ona izan da eguneroko jardun guztietarako».
Lau-bost ekitaldi nagusi, urtean
AMHERek antolatzen dituen ekimen finkoak dira, Aste Multikulturala, Jardunaldi Gastronomikoak, Zine Zikloa eta San Joanetako gune berezia eta kontzertuak. Festa gastronomikoak seigarren edizioa bete du aurten, eta arrakasta haundiko jaia bihurtu da. Udaberrian antolatzen dute eta etorkinak asko inplikatzen dira jai honen antolakuntzan. Etorkinek bere jatorrizko herrietako jaki ohikoak prestatzen dituzte, gerturatzen direnen gozamenerako. Aste Multikulturala da AMHERren ekitaldi nagusienetakoa, eta ekimen gehien dituena ere bai. Egun horietan, hitzaldi eta bideo emanaldiez gain, umeentzako aktibitate ugari antolatzen dituzte. San Joanetan ere izaten du bere protagonismoa elkarteak, Plaza Berrin jartzen duten gune bereziarekin. Eta horrez gain, urtean zehar zenbait kontzertu ere antolatzen dituzte. Zine Zikloarekin ere jende dexente biltzen dute; beti ere inmigrazioaren gaiarekin lotura duten filmeen inguruan izaten da.
«Jendearen erantzuna,
orokorrean positiboa»
Pozik ageri da Amher elkartea antolatutako ekitaldien erantzunarekin: «Orokorrean pozik gaude. Aldakorra izaten da jendearen erantzuna, batzuetan jorratzen ditugun gaiekin asmatzen dugu eta beste batzuetan ez. Datarekin ere ez dugu asmatzen zenbaitetan. Adibidez, aurten San Joanen aurretik antolatu genuen kontzertuan ez zegoen apenas jenderik. Realaren partidu batekin koinziditu zuen eta herrian ez zegoen inor. Laizismoaren inguruan antolatu genuen hitzaldian, ordea, aretoa txiki geratu zitzaigun. Gainera hitzaldi horrekin motz geratu ginenaren sentsazioa izan genuen, eta espero dugu etorkizunean gai hori sakondu ahal izatea beste ekitaldiren batekin» dio Horten Bañosek.
`Kaixo´ aldizkariak 3 urte
Etorkinentzako aldizkari bat ere kaleratzen du AMHER elkarteak, Kaixo izenekoa, eta 12 ale kaleratu dituzte dagoeneko. Aldizkaria postaz banatzen zaie etorkinei, urtean lautan, eta AMHERen lanaren berri emateaz gain, inmigrazioarekin lotura duten gaiak jorratzen dituzte.
Azken aldian ere etorkinekin eta hernaniarrekin afariak antolatzen hasi dira soziedadeetan. Hauek ere izugarrizko arrakasta izan dute eta AMHEReko kideek afari horietara hurbiltzen den jende kopurua mugatu egin behar izan dute.
Guztiak izan duen erantzuna ikusita, Hernani girotzen, eta aldi berean, etorkinen inguruko problematikaren inguruan sentsibilizatzen jarraitzeko asmo sendoa agertu dute AMHEReko kideek: «Oraingoz lauzpabost ekimen finko horiek mantentzeko asmoa dugu, eta horietatik kanpo beste ekitaldiak antolatzen saiatzen jarraituko dugu».