Migranteen Nazioarteko eguna da gaur, eta ospatzeko, bideo emanaldia eta mahai ingurua izango dira gaur Biterin, 17:00etan. AMHER elkarteak antolatu du, Hernanin etorkinen eta hernaniarren artean lankidetza, elkartasuna eta integrazioa bultzatzeko jaiotako elkarteak. NBEk 1990eko abenduaren 18ean onartu zuen Migratutako langileen eta beraien familien eskubideen aldeko akordio internazionala. Urteurrena 2000garren urtetik aurrera ospatzen da, akordioa sinatu zen egunetik.
Bideo emanaldia eta mahaingurua, Biterin
Biterira hurbiltzen direnek Maitena Salinasen Pangea pelikula izango dute ikusgai lehenengo. SOS Arrazakeriak ekoitzitako bideoa da, Gipuzkoa Solidaria ekimenerako. Erreportai formatuan, elkarrizketa bidez, Gipuzkoan bizi diren hainbat etorkinek bere bizipen, testigantza eta istorioak kontatzen dituzte. Ildo berean jarraituta, eta kasu honetan Hernaniara ekarrita, herrian bizi diren bost etorkinek mahai ingurua egingo dute pelikularen ostean. Kasu honetan ere, Hernanira etorritako etorkinek beraien bizipenak kontatuko dituzte. Hortaz, herritarrek euren bizilagun diren pertsonen istorioak ezagutzeko aukera izango dute: Yamilethek (Kolonbia), Ibrahimek (Mali), Fatimak (Maroko), Damianek (Argentina) eta Mariak (ekuador) emango dute bere bizipenen berri. Mahai inguruko protagonistek, mintzaigai izango dituzte euren bizitzako hainbat pasarte, hala nola: migratzeko erabakia hartu izana, nola erabaki zuten Hernanira etortzea, bidea nola egin zuten, edo zer nolako zailtasunak aurkitu zituzten honera iristerakoan.
Etorkinak herrian duten garrantziaz ohartzea,
helburu
Helburua, hernaniarrak etorkinen larruan jartzea da, hau da, etorkinen sufrimendu, preokupazio eta itxaropenak ezagutzea, eta horren ondorioz, gure herriaren garapenean duten garrantziaz ohartzea: «helburua da, etorkinek eta hernaniarrek euren esperientziak konpartitzea, eta beraien arteko gerturatzea bultzatzea» dio AMHEReko Horten Bañosek.
Aholkularitza, Amherek jardun nagusia
AMHER, Hernaniko asoziazio multikulturala, 2002an sortu zen. Udaletxeak ikerketa bat egin nahi zuen inmigrazioaren inguruan eta hainbat hernaniar eta etorkin konbokatu zituen bilera batzuetara. Bilera horietan erein zuten elkartearen hazia, zenbait etorkinek, gehienak Ekuadorekoak, integrazioaren alde elkarte bat sortu nahi zutelako: «pixkanaka hauek utzi egin zuten eta gu geratu ginen, bilerak egitera ohituta geundenak. Krisi txiki bat pasa genuen, gu baina beranduago etorritako etorkinak utzi egin zutelako, baina aurrera egitea erabaki genuen» dio Damian Pedrosa AMHEReko kideak. Nahiz eta kide gehiago izan, normalean 10-15 bat kide biltzen dira bileretan, Transpacarren duten lokalean. AMHEReko Horten Baños pozik agertu da elkarteak duen inplikazio mailarekin: «AMHERekin, bileretara jendea hurbiltzea lortu dugu, eta horrekin batera, inplikazio maila altua duen talde zabala osatzea ere lortu dugu. Askok elkartearen eguneroko lanean parte hartzen ez badute ere, antolatzen ditugun ekintzetan asko laguntzen dute». Sentsibilizazioaren arloan egiten duten lanaz gain, etorkinen aholkularitzan du AMHERek eguneroko jardun nagusia. Etorkinek aurki ditzaketen arazoei soluzioak ematen saiatzen dira, Ane Iturbe Amhereko kidearen esanetan: «egunerokotasunean aurkitu ditzaketen behar eta arazoei irtenbidea bilatzen saiatzen gara. Lana bilatzea, formazioa, etxebizitza, erroldatzeak edota arazo legalak konpontzea izaten dira gehien tratatzen ditugun gaiak».
Ekuadorekoak eta Marokokoak dira Hernaniko etorkin
gehienak
2009ko datuen arabera Hernaniko populazioaren %5a dira etorkinak. Komunitaterik haundiena Ekuadorekoa da, eta tarte gutxiarekin, bigarren herrialde nagusia Maroko da. Errumaniarrak eta Kolonbiarrak izango liratezke hirugarren eta laugarren komunitaterik jendetsuenak Hernanin, hurrenez hurren.
AMHERretik adierazi dutenez, azken urte hauetan, krisi urte hauetan, bortizkien kolpatutako kolektiboetako bat ari da izaten etorkinena. Halere, ez da nabaritu gehiegizko igoerarik kontsulta kopuruan: «egun batzuetan gehiago eta beste batzuetan kontsulta gutxiago izaten dira. Bataz beste egunero etorkin batek eskatzen du aholkua AMHERen» dio Ane Iturbek.
Krisi ekonomikoak etorkizuna ilundu die etorkinei, eta AMHERen esanetan, gobernuak ere izan du zerikusia egoera honetan. Gobernuak proposatutako irtenbideetako batzuk kritikatu ditu elkarteak: «jatorrizko herrialdeetara buelta egitearen apostua egin dute Gobernutik. Paroarekin kobratu behar luketenarekin, bueltako bidaia ordaintzea eskaintzen diete, baina arrakasta gutxi izan dute. Etorkinek bere bizia hemen antolatu dute eta gehienek hemen bizitzearen aldeko apostu sendoa egin dute» dio Horten Bañosek.
AMHEReko kide honen esanetan ezin da dudan jarri etorkinen ausardia. Horten Bañosen ustez «oso ausarta izan behar da bizitza atzean utzi eta inkognitaz beteriko etorkizunari aurre egiteko». Etorkinei laguntzeko eta sentsibilizazioaren bidean lanean jarraitzeko gogotsu jarraituko dutela azaldu dute AMHEReko kideek. Etorkinentzat erreferente bihurtu dira eta instituzioek ere kontutan hartzen dute, edozer gauza egin edo antolatzeko. Pedrosaren ustez, «lan onaren eta konfidantzaren ondorio da hau».