Hernani, 7 landareren babesleku

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 15a, 01:00

Hernanin aurkitu dituzte, populazio haundian, eta Europan galtzeko zorian daude. Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrak egin du azterketa, Aranzadi Zientzia Elkartetik, eta Hernaniko Udalak eskatuta. Bihar esplikatuko du Sanz-Azkuek berak, 19:30etan Biterin: ‘Landare mehatxatuak. Hernaniko altxor ezkutuak’.

Europan galtzeko arriskuan dauden 7 landare aurkitu dituzte Hernanin, nahiko egoera onean. Ia denak erreka bazterretan aurkitu dira, eta orain erreserba hori manten­tzeko planak egiten ari dira.

2007an Aranzadi Zientzia Elkarteak eta UPV-EHUko ikertzaileek Hernaniko natur-ondarea aztertu zuten, eta ordura arte ia ezezagunak ziren datu pila bat aurkitu eta azaleratu zituzten. Hernaniko Udalak EAEko saria jaso zuen, Udal mailako biodibertsitate lanik onenagatik.  

Ordutik, Hernaniko natura zaindu eta ezagutarazteko hain­bat proiektu jarri dira martxan, eta horietako bat da, hain zuzen, Iñaki Sanz-Az­ku­ek egin duena, eta emaitza hain esanguratsuak eman dituena.

Hiru ikertzaile, bi urtez
Ibai Olariaga, Iñaki Sanz-Azkue eta Joserra Diezek egin dute ikerketa lana. Hernanik bailara itxi eta malkartsu asko ditu, erreka-ertz asko, eta  horietan zentratu dira, egokiak baitira, landare mehatxatu horientzako. Metroz metro miatu dituzte erreka horiek, eta landare-sail txikiak GPSz markatu.
Europan zerrenda gorrian dauden 7 landare identifikatu dira Hernanin, eta egoera nahiko onean, gainera. Iker­ke­ta hau egin aurretik, 3 landare zeuden identifikatuta: Hyme­no­phyllum tunbrigense, Dryop­teris aemula, eta Trichomanes speciosum. Orain, beste 4 espezie aurkitu dira, eta aurreko 3 espezie horien populazio ge­hia­go ere bai.

Aiako Parketik kanpora ere, erreserba lekuak
Hernanik garrantzia haundia hartu du kontserbazionismo aldetik, ez bakarrik EAE mailan, baita Iberiar penintsulan ere. Gainera, landare meha­txatu horiek Aiako Parketik kanpoko erreketan aurkitu di­ra, eta horrek dakarki, aurrera begirako planen ikuspuntu aldaketa; diseinu aldaketa. 

7 ESPEZIE MEHATXATU

  • Hymenophyllum tunbrigense (inistor klase bat)
  • Dryopteris aemula (inistor klase bat)
  • Trichomanes speciosum (inistor klase bat)
  • Prunus lusitanica (Erramu portugaldarra)
  • Soldanella villosa (Landare txikia, lore morea)
  • Stegnogramma pozoi (inistor klase bat)
  • Veratrum album (landare luzea, lore horixka)
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!