«Van Gogh eta Dali dira gehien gustatzen zaizkidan pintoreak; koadro bat aukeratuz gero, Gustav Klinten El Beso pintura hautatuko nuke; eta arkitektura aldetik, Gaudiren obrak asko gustatzen zaizkit». Artista sena barruan du Noelia Crujeiras hernaniarrak, eta izen haundia duten artistak miresten baditu ere, bere inspirazioaren arabera margotzen ditu koadroak, tendentziarik edo korronte artistikorik jarraitu gabe. Egindako azken 11 koadroekin erakusketa jarri du Antziola kafetegian. Kolore bizi eta apalak tartekatzen dira, eta bere sentimendu eta bizipenak isladatzeko tresna gisa erabiltzen ditu: «koadroak ez dute irudirik, ez dira paisaiak, ez dira erretratuak. Kolore nahasketekin egindako koadroak, dira. Nire bizipenak, sentimenduak, egoera animikoa isladatzen duten koadroak dira. Batez ere kolore bizia dutenek deitzen dute gehien atentzioa. Erakusketa honetan badago gorri haundi bat, hura margotu nuenean ez negoen momentu animiko onenean.
Erakusketen helburua,
bere obrak erakustea
Lehendik ere erakusketa asko jarritakoa da Noe, bai Antziola kafetegian, eta baita beste hainbat herritan ere, hala nola, Donostian, Astigarragan, Egian, Tolosan, Lasarten. Erakusketan jartzen dituen koadro guztiak erosteko aukera dute bisitariek, nahiz eta aitortu, helburua ez dela hori bakarrik: «egiten dudan lana etxetik ateratzea da helburua, jendeak ikustea» .