«garraioak eta garraiobideek ekonomian sekulako garrantzia dute, eta izango dute datozen 15 urteetan. Donostialdeako zonaldean (tartean, Hernani), sektore estrategikoa izango da hemendik aurrera ere». Eusko Jaurlaritzaren hitzak dira, Donostialdeako Lurraldearen Zatiko Planean esan dituenak. Sektore estrategiko gisa, leku haundia daukate, beraz, errepideek eta trenbideek. Garrantzitsuenak, hiru: Donostiako Bigarren Saihesbidea; Urumeako Autobia, eta Abiadura Haundiko Trena. Hirurak pasatzen dira Hernanitik. Eusko Jaurlaritzak dioenez, bi funtzio dituzte garraiobideek: barruko garraioa ibiltzea, eta kanpoko garraioa ibiltzea. Gaur egun, errepide edo trenbide nagusiek bi funtzioak betetzen dituzte, eta aurrerantzean, bereizi egin nahi dira eginbehar horiek. Alegia, izango dira errepideak, Frantziatik Portugalera dijoan trafikoarentzat (adibidez). Eta izango dira beste errepide batzuk, adibidez, Andoaindik Donostiara dijoaztenentzat. Donostialdean, kanpoko trafikoa ibiliko duten garraiobideak honako hauek dira: Donostiako Bigarren Saihesbidea, Abiadura Haundiko Trena, eta Urumeako Autobidea. Besteak, barruko garraioarentzat geratuko dira, datozen 15 urteetan: N1, A8 eta abar.
Urumeako Autobidean,
egunean 36.000 ibilgailu
Urumeako Autobideak lau karril izango ditu laster Hernanin. Hasi Andoainen, eta Amararaino iristen da Urumeako Autobidea. Hernaniko tramoan, bi karril ditu, eta Diputazioak berehala hasiko ditu obrak, lau karrilera pasatzeko. Mandazubitik Oialumera, mendi aldetik egingo zaizkio beste bi karrilak; 2,5 kilometroko tramoa, hain zuzen. Lau karril dituenean, espero dute, 36.000 ibilgailu pasatzea hortik, egunero. Etorkizunean, gainera, 6 karril izatera pasa nahi dute, eta orduan 50.000 ibilgailu pasako lirateke, egunero, kalkuluen arabera. Obra horiek 2011 urte hasieran hasiko dira, seguruenera, eta 34 milioi euro kostako dira.
Bigarren Saihesbidea noraino?
Gipuzkoako Diputazioak ez du begi onez ikusi Eusko Jaurlaritzak LZPn aipatutako puntu bat. Jaurlaritzak nahi du, etorkizunean, Donostialdeko Bigarren Saihesbidea, Oiartzungo bailaran barrena, mugaraino iristea, Aiako Harria parkea azpitik zulatuta. Diputazioak adierazi du, berak ez duela obra hori bultzatuko.
AHT: 5,4 kilometro, eta 190 miloi euro Hernanin Abiadura Haundiko Trenak funtzio estrategikoa du, Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Hernaniko tramoa eta Astigarragakoa dira garestienak. Hernaniko tramoak, 5 kilometro eta erdi ditu, eta ia 200 miloi euro kostako da. Hernanin, 365.456 m2 espropiatu dituzte horretarako: 250.000 m2, betiko espropiatuko dira, eta 116.000 m2 aldi baterako (obrak egin bitartean). Guztira, 114 sail espropiatuko dira Hernanin. Tramo garestienetakoa izateak badu bere arrazoia. Batez ere, Urumea ibaia eta erriberak harrapatuko ditu tramo horretan, eta obra haundiak egin beharko dira: Urumea 3-4 aldiz pasako du gaikaldetik; erribera lurretan, zutabeak oso sakon sartu behar dira, arkaitza bilatzea ez delako erraza. Tramorik garestiena, hala ere, Astigarragakoa da. Han, estazioa egingo dute erriberetan, eta horretarako, Urumea ibaia moztu eta bide berria egin behar zaio. 100.000 metroko plataforma Urnietatik tunelean etorriko da AHT Hernanira (2.157 m). Uban erreka gainean 170 m-ko zubian pasako da. Oindiko magalean lurraren kontra eta agerian joango da metro batzuetan. Handik 780 metroko zubian pasako ditu Altzueta eta Iparragirreko erriberak, eta tunelean sartuko da, 769 m-ko tunela, Akarregi auzoraino. Urumeako Autobia azpitik pasako du, eta handik Astigarragara iritsiko da. Hasieran, Urnietako mugan, Gure Ametsa etxe ondoan subestazio elektrikoa egin dezakete, 100.000 m2koa. Euskal tramoan 4 subestazio izango ditu AHTk; bat Hernanin.
Renfeko trenari karril berria
Azkenik, trenbide sarean egingo den beste aldaketa bat da: Renfeko trenkarrilari zabalera aldatuko zaio, neurri internazionala izan dezan. Gaur egun 1,676 m ditu; laster, 1,435 m izango ditu. Oraingo karrila ez da kenduko; hirugarren karril bat jarriko zaio, eta horrela, bi neurritako trenak ibili ahal izango dira. Renfeko karril guztietan egingo dute hori, eta baita kostako trenean ere.
Alegazioak AHTren espropiazioei:
114 sail espropiatuko dira Hernanin Abiadura Haundiko Trena dela eta; guztira, 365.456 m2. Espropiazio horiei alegazioak jartzeko epea bukatu da, azaroaren 16an, hain zuzen. Honakoak dira, alegazio horietan orokorrenak:
1-Gipuzkoako nekazal lurrak zaintzeko egindako estudioak dio, Urumea bailara interes haundikoa dela. Horren ondorioz, besteak beste, Altzueta-Iparragirre erriberetan ez da egingo poligonorik.
2-Oindi-Adarra mendilerroak inpaktu haundia jasango du: 300.000 m2-ri eragingo die: 1.500 metroan kanpotik joango da, eta 600 metroan tunelean. Traiektoan, 60 metro zabal harrapatzen ditu. Ur azpiko urei eragingo die, eta zabortegiak beharko dira obra egin bitartean. Tunelaren sarrerak gogor eragingo dio Arrilimoiko errekari.
3-Inpaktua paisajean: Fomentok egindako azterketak dio, inpakturik haundiena Hernani-Irun zatiak izango duela.
4-Soinu inpaktua: MECSA enpresak egindako azterketak dio, 92-84dB-ko soinua eragingo duela trenak «osasunarentzat erabat kaltegarriak».
5-Eletrizitate-indarra nondik hartu: argindar transformazio puntuak 4 izango ditu Hego Euskal Herrian, horietako bat Hernanin.
6-Urumea, kaltetuena: Eusko Jaurlaritzak berak onartzen du. Ur-ekosistema erabat ondatuko du, berreskuratzeko aukerarik gabe. 7 km ibai-ondoan egingo ditu. 2 km-ko tramoan bide artifiziala egingo zaio. Erriberako lurretan arkaitza bilatzeko oso sakon zulatu beharko da. 81 pilare jarriko dira baldintza horietan.