Oindiri bira: 8,4 kilometro

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 11a, 01:00

Ekhi Zubiria Etxeberria

HERNANIKO Ibilbide Ur­dinen Sarea bi fasetan buru­tzen ari da. Lehenengo fasean bi ibilbide prestatu zituzten, Santa Barbarakoa eta sagardotegietatik barrena doana. Bigarren faseko ibilbideak prestatzen bukatzen ari dira orain, Oindi inguruko itzulia eta Urruzunokoa. Azken hauek herritik urrutiago daude, mendikoagoak eta zailagoak dira. «Kaxkotik nahiko gertu daude eta erabat ezezagunak dira hernaniar gehienontzat. Herna­niren beste ikuspegi bat ematen dute paraje horiek» esan digute Mendiriz Mendiko kideek. Ibilbideen azkeneko seinalizazio lanak egiten ari dira eta laster argitaratuko dira bide hauei buruzko diptikoak.

Pardiola-txiki baserriaren ondotik hasi
Portutik Osiñaga auzora doan bidea hartuta, Loidi baserrira iritsiko gara. Hemen, goraka doan aldapa gogor bat hartu eta bi kilometro baino lehen Pardiola baserriko kruzera ailegatuko gara. Hor hasten da ibilaldia. Nahi izanez gero, Hernaniko kaxkotik abiatuta ere hasi daiteke itzulia. Pardiolatik abiatu eta ordu erdi bat oinez ibili ondoren, Mugarriluzeko mugarrira iritsiko gara, Hernani eta Urnieta arteko mugara. Urnietako lurren barruan, Pozontarriko lepotik pasatuko gara. Oindiren magalean kokatzen den leku honetatik Aballarri ikusten da. Toki honetan Pozon­tarriko dolmena aurkituko dugu, kobre eta brontze garaietan gizakiak ehorzteko eraikitakoa, hilobi kolektibo bezala.

Muniskueko estazio megalitikoa
Urnietatik Hernaniko lurretara bueltatuz, Muniskuetik pasako gara. Hemen aurkituko ditugu trikuharria, 1,75 metroko menhirra edo Muniskueko artamugarria. Dirudienez, artamugarriak oso ohikoak dira Urumea bailaran. Beren funtzioa zen, esaten dutenez, basogintza edo basoaren esplotazioa nagusi zen inguru batean libre (esplotatzeko ez zena) zegoen terreno bat markatzea. Artamugarria terreno horren zentroa zen. Bidean aurrera eginda, ibilaldiaren bukaera aldera, Argurutzeko harkaitzak pa­sa eta Saratsaingo bordara iritsiko gara. Eta han Ereñotzuko basoan barrena joango gara berriro Pardiola-txikin bukatzeko. Ereño­tzu­ko basoari inportantzia handia ematen zaio, Hernani inguruetako baso mistorik handiena omen delako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!