HOGEITABOST urte beteko dira datorren urtean Pripiat herriko Chernobil Zentral Nuklearrak eztanda egin zuela. Orain hamabost urte Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko laguntza eskatu zuen baliabide gabeko umeak eremu kutsatutik ateratzeko, gutxienez 60 egunez. Ordutik, Europako Estatu askotako elkarteak lanean ari dira bertako umeen bizi kalitatea hobetze aldera. Elkarte horietako bat da Euskadiko Chernobil Elkartea.
Hamabost urte, lanean
1996garren urtean hasi zen umeak euskal familien etxeetan udara pasatzeko tramite lanak egiten. Ia hamabost urte pasa diren honetan, 3.178 ume etorri dira Euskadiko Chernobil Elkartearen bitartez. Pasa berri den udaran, bost eta hamazazpi urte bitarteko 261 umek pasa zuten udara Euskadin, 69 herrietan banatuta: Gipuzkoan 169 familiek egin zieten harrera, Bizkaian 82k, eta Araban 10ek.
`Bere ametsak har itzazu´
Chernobil Elkarteak Bere ametsak har itzazu kanpaina jarri du martxan. Adierazi dutenez, mezu honekin etorkizunera begiratu nahi dute, eta gaur egun Euskadira etortzen diren umeek, 25 urte barru, euren biziaren jabe izatea lortu nahi dute. Elkarteak adierazi duenez, irailean izan ziren Ukranian, eta bertatik atera beharko luketen 200 ume gehiago bisitatu zituzten, euren etxeetan. Kanpaina honen bitartez, 200 ume hauentzako familia euskaldunak eskatu nahi dituzte, euren inmunologia-sistema hobetu eta Ukraniako neguari aurre egiten laguntzeko: «denbora pixka bat eta gogoa izatea besterik ez da behar. Elkarteak familiari behar duen informazio guztia banatuko dio».
Programan parte hartu eta izena eman nahi duten familientzako bilera bihar izango da Donostiako Txara eraikinean, 11:30etan. Bilerara joan ezin dutenek, 670 419 078 telefonora deituta eman dezakete izena.