Donostiako Golden Apple Quartet taldeak ikuskizun berria aurkeztuko du gaur Biterin, Hernani´n Musik ekimenaren barruan. Entretenimendua, ustekabea eta dibertsioa batzen dituen emanaldia eskainiko dute, Los Golden en serio, gaueko 22:00etatik aurrera. Sarrerak joan den astean jarri zituzten salgai, eta berehala agortu ziren. Golden Apple Quartet taldeak bere ibilbide hasieratik eman izan dio garrantzia ahots trebetasunari, eta gaurko ikuskizunean behar-beharrezkoa izango dute bertan lantzen diren joera eta musika estiloak menperatzeko. Ikuskizun berri honek gainera, badu berezitasun bat. Aurreko esperientziak alde batera utzi, eta bide berri bat jorratzea erabaki du laukoteak. Beraientzat berriak diren estiloak lantzen dituzte Los Golden en serio lanean, hala nola, flamenkoa, opera, gargareta, zirkoa, malabarismoa eta txotxongiloena. Laukoteak adierazi duenez, erronka berri honekin ikuskizun dibertigarria sortu dute, beti ere taldearen ezaugarri onenei eutsita.
Gabonetako kontzertuak, urte bukaera bitartean
Golden Apple Quartet taldearen kontzertua Hernani´n Musik ekimeneko laugarrena eta azkenekoa da. Ekimena Hernaniko Musika Eskolak eta Biteri Kultur Etxeak elkarlean antolatu dute, herrian kultura eta aisialdia sustatzeko asmotan. Gaurkoarekin, lau kontzertu berezi izan dira Biterin, eta hauekin batera, urtero egiten direnak ere antolatu dituzte. Urtea amaitu bitartartean, Gabonetako bederatzi kontzertu eskainiko dituzte Hernanin, herriko talde ezberdinek. Abenduaren 18an izango da aurrenekoa, Ozenki Abesbatzak eta Hernaniko Musika Bandak eskainiko dutena. Honez gain, Txistu kontzertua, Herriko eta ikastoletako Abesbatzen kontzertua, Musika Eskolako ikasleena, Parrokiko Abesbatzarena, Kantuz Abesbatzarena, Musika bandarena, eta Ohitura Zaharrak Abesbatzarena ere izango dira abenduaren 31 bitartean.
GABONETAKO EMANALDIAK
Abenduak 18, Ozenki abesbatza eta Hernaniko Musika Banda. Milagrosan, 19:45.
Abenduak 19, Txistulari banda eta gitar-jolea. Milagrosan, 13:00.
Abenduak 20, Herriko eta
ikastoletako abesbatzak. San Joan Bataiatzailearen elizan, 20:00.
Abenduak 23, Musika Eskolako
ikasleak, kalez kale, 17:00.
Abenduak 24, Hernaniko Parrokiko Abesbatza, Agustinetan, 17:00.
Abenduak 24, Kantuz Abesbatza, Milagrosan, 18:30.
Abenduak 24, Hernaniko Musika Banda, Gudarien Plazan, 20:00.
Abenduak 26, Kantuz Abesbatza, Milagrosan, 20:00.
Abenduak 31, Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatza, erronda, 17:30.