goi mailako igerilariak bilduko dira larunbatean Hernaniko igerilekuan. Estatuko lehenengo mailan aritzen diren taldeek hartuko dute parte Hernaniko Igeriketa Sarian, hala nola, Barduliak, Fortunak, Hernanik eta Buruntzaldeak. Eta nola ez, tartean izango dira azken urteetako Hernaniko bi igerilari onenetakoak: Mañel Aizpuruak Barduliarekin hartuko du parte, eta Olatz Altunak CD Fortunarekin. Azken urteetan geroz eta indar haundiago hartu duen Saria da Hernanikoa, eta nahiz eta emaitzek ondoriorik ez izan, hitzordu berezia izaten da Hernaniko igerilarientzat. Hala azaldu du Jon Ander Isuzkiza antolatzaileak: «zita espeziala da bai Hernaniko taldearentzat eta baita kanpoko taldeetan aritzen diren Hernaniko igerilarientzat ere. Urte osoan zehar Espainia mailan lehiatzen dira, eta etxeko Sari batean parte hartzeak xarma berezia du, motibazio espezialarekin egiten dute igeri».
Erreleboetan azkarrena,
garailea
4x50 metro libreko proba izango da Sariko garrantzitsuena, irabazten duen taldea izango baita garailea. Horrez gain, 100 metrotako probak ere izango dira estilo guztietan: 100m tximeleta, 100m bizkar, 100m bular, 100m libre eta 100m estilo. Joan den urteko Sarian Buruntzaldeako igerilariak izan ziren onenak, eta orain bi Hernanikoak. Larunbatean Hernanik baja batzuekin hartuko duela parte adierazi du Isuzkizak, «baina 2008ko garaipena berreskuratzea dugu helburu».
Aizpurua, Altuna eta Danborena, Espainiako Txapelketan
Palman izan ziren joan den asteburuan Mañel Aizpurua, Olatz Altuna eta Maitane Danborena, Espainiako Txapelketan. Aizpurua eta Altunak lortu zituzten emaitza onenak. Aizpuruak lau probetan hartu zuen parte, eta 100 metro bizkarreko finalera sailkatu zen: 57 segundu eta 84 dezimako denbora egin zuen Horrez gain, kontsolazioko beste final bat ere jokatu zuen, 200 metro libre probakoa, eta 7garren geratu zen. Altunak bi probetan hartu zuen parte, eta final bat jokatu zuen Fortuna taldearekin, 4x50 librekoa: 25 segundu eta 48 dezimako denbora egin zuen bere erreleboan. Biak larunbatean izango dira, Hernaniko Sarian.
Azkenik, Danborenak, parte hartutako hiru frogetan lortu zuen kontsolazioko finala jokatzea. Ondoen 100 metro bizkar estiloko proban ibili zen: bosgarren postua lortu zuen, 1 minutu, 3 segundu eta 92 dezimako denbora eginda.