Gazte sariketa haundienaren bila, Agin Rezola, gaur Errenterian

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 8a, 01:00

Xenpelar Sariak pretendiente asko izaten ditu, eta txapela irabazten dutenak gutxi batzuk izaten dira. Bertsolari gazterik onenek neurtzen dituzte bertan abileziak, bi urtean behin, eta aurtengoa iritsi da azken estaziora: finala. Hiru kanporaketa egin dira, eta sei onenak finalera pasa; tartean, Hernaniko Iraulio Pan­tta­lone bertso es­kolako kide bat: Agin Re­zola. Gaur, 18:00­­etan, Erren­teriako Erren­teria Hiria aretoan (betiko Niessen aretoa).

Sei promesa onentsuenak
Agin Rezolaz gain, beste bost bertsolari ariko dira gaur, 20garren Xenpelar Sa­riaren bila; denak, ezagunak, bertso munduan: Julio Soto (Nafa­rroako Txapelduna, Go­rriti), Aitzol Barandiaran (Ataun), Alaia Martin (Oiar­tzun), Odei Barroso (Urru­ña), eta Haritz Casabal (Pasai Antxo). Orain arteko 19 txapeldunetan ere gerora oso ezagun egin diren izenak daude: Murua, Peña­garikano, Euzkitze, Sarasua, Maia, Irazu, Alberdi...

«Lan egitera noa, nahiz eta puntu onenean ez egon»
Agin Rezola astigartarrak garbi du lanera joan beharra daukala gaurko zitara. Ber­tso maila onenean ez dagoela dio, entrenamendu gutxirekin harrapatu duelako: «saiatuko naiz gauza politak uzten, detaile polit batzuk uzten, baina filigrana haundirik egiten ez naiz saiatuko. Entrenamendu gutxirekin harrapatu nau, eta zuzen xamar kantatzera behartuko nau horrek. Lanera joango naiz hori bai; lanerako perezik gabe». Iazko Lizardi Sa­ria irabazi zuen Rezolak, Za­rautzen, eta aurten ere gozatuko dute entzuleek astigartarraren bertsokera landu eta pertsonalarekin.

Beste bi zita, abenduan
Bertsozaleek beste bi zita ere izango dituzte abenduan: bat, ostiralean Ere­ño­tzun, ber­tso kantaldia; bestea, Gabonetan, Hernanin, Bertso Lata.

Orain arteko 19 txapeldunak
1971    Juan Mari Narbaiza
1979    Iñaki Murua
1980    Anjel Mari Peñagarikano
1983    Xabier Euzkitze
1984    Xabier Euzkitze
1985    Jon Sarasua
1986    Jokin Sorozabal
1987    Xabier Narbarte
1989    Jon  Maia
1990    Jon  Maia
1992    Jexux Mari Irazu
1992    Jexux Mari Irazu
1994    Ainhoa Agirreazaldegi
1996    Nahikari Gabilondo
1998    Amaia Agirre
2000    Nerea Elustondo
2002    Miren Artetxe
2004    Iñaki Apalategi
2006    Uxue Alberdi
2010    ?

Pedro Mari Otaño, Amuriza eta Peñaren ahotik ostiralean

Ereñotzun bertso-kantaldia izango da ostiralean. Amuriza eta Peñagarikano bertsolariek kantatu eta kontatuko dituzte Pedro Mari Otaño zenaren kan­tu eta kontuak. Aurten be­te dira 100 urte Zizurkilgo mai­­su haundia hil zela, eta gogoan izango dute, Udaz­ken Kulturaleko azken ema­naldi­an: Pedro Mari Otañoren bi­zi­tza­ko hainbat pasarte eta ber­tso. Ostira­lean, 22:30etan Ur Mia elkartean. Sarrera irekia da, nahi duenarentzat.

Bertso Latak web orria aurkeztuko du, besteak beste

gabonetan galdu ezineko zita izaten du bertsozaleak: Bertso Lata. Aurten web orria aurkeztuko du Iraulio Panttalone bertso eskolak, Hernani Bertsotan proiektuko bigarren pausoa. Iaz aurkeztu zen DVDa eta aurten salgai aterako dute eskolako kideek. Horrez gain, izango dira: Umeen Saioa; ‘Ornitorrinkus’ bertso eta musika emanaldia (Maialen Lujanbio, Judith Montero, Xabi Erkizia); Olentzeroa baserriz baserri, eta Urte Zaharretako erronda; eta Bertso Jaialdi Nagusia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!