Kriskitina dantza taldeak antolatuta, XVI. Gazteen Dantza Txapelketa izango da gaur Hernanin, 12:00etan Plaza Berrin. Eguraldi txarra egingo balu, Biterin egingo litzateke. Txapelketan, Ion Gaztelumendi eta Garazi Lasa hernaniarrek hartuko dute parte. Hernaniko bikote bakarra izango da. Guztira, Gipuzkoa eta Bizkaiko 14 bikotek hartuko dute parte. Gainerakoak etorriko dira Azpeitia, Lazkao, Amasa, Villabona, Anoeta, Oiartzun, Zizurkil, Alegia, Portugalete eta Trapagaranetik.
Fandango eta arin-arin bana, trikitixarekin
Bikote bakoitzak fandango eta arin-arin bana dantzatu beharko ditu; denak trikitixarekin joko dituzte. Zeregin horretan ariko dira Beñat Luluaga eta Aitzol Txapartegi.
Epaimahaiari dagokionez, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideek osatuko dute.