Sare Urdina: Hernaniko parajeak gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 11a, 01:00

Ekhi Zubiria Etxeberria

«Proiektu hau hasten da Aranzadi Elkarteak egindako lan batetik» azaldu digu Iñaki Sanzek, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Mendiriz Mendiko kideak. Berak esplikatu digunez, 2007an Hernaniko Udalak eskatuta Aranzadi Elkarteak martxan jarri zuen Hernaniko natur ondarearen azterketa izeneko lana. Helburua zen Hernaniko inguruei buruzko aurreneko informazioa lortzea. Lana bukatutakoan ondorio batzuk atera zituzten, horietako bat, Hernaniko herritar askok ez dituztela herriko inguruak edo landa-lurrak ezagutzen. Horregatik, proposamen bat egin zioten Udalari, ezezagutza horrekin bukatzeko. Proposamen horretatik ateratako proiektua da Hernaniko Ibilbide Sarea egitea. «Izan behar zuen ibilbide sare bat kultur eta natur ondare bezela interesa zeukaten lekuetatik pasako zena. Alde batetik, kultura eta historiarekin lotutako puntu garrantzitsuak ezagu­tzeko, eta bestetik, ingurumeneko puntu interesgarriak ikusteko. Eta azkenik, ibilbide zirkularrak (hasi eta bukatu toki berean egiten dutenak) izan behar zuten, ez zuzenak eta bukaerarik gabeak» jarraitu du esaten Iñaki Sanzek. «Ibilbide luzeak, motzak, errezak eta zailak, denetik egon behar zuen. Hau da, jende helduarentzat, txikientzat, asko ibiltzen direnentzat edo gutxi ibil­tzen direnentzat. Saiatu ginen denetik egiten». Proiektuarekin 2008garren urte hasieran hasi ziren. Diseinuan parte hartu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Mendiriz Mendik. Hasiera batean, mapa gainean, 11 ibilbide inguru markatu zituzten. Gero, pixkanaka zehaztuz joan ziren, eta azkenean, Hernaniko Udalari ibilbide guztiak aurkeztu zizkieten liburuxka batean.

Aiako Harrian eskua ezin sartu
´Liburuxka egin ondoren konturatu ginen gure proiektuaren barruan zeuden ibilbide batzuk Aiako Harriko natur parkean sartzen zirela (gutxienez bidearen zati batzuk) eta bertan ez genuela seinalizatzeko eskumenik. Parke naturaletik kanpo geratzen direnak posible dugu markatzea, ez delako marka ofizialik behar. Baina Aiako Harrikoak Dipu­tazioak eta Mendi Federazioak seinalizatu behar ditu, beraiena delako seinalizazio ofizial eta legala. Hasieran diseinatutako 11 bideetatik 7k Aiako Harriko natur parkea ukitzen zutela ikusita, geratzen ziren lau ibilbideak seinalizatzen hastea adostu zuten Hernaniko Udalarekin. Lehenengo fasean, herritik gertuena zeuden bi bide markatu zituzten, Santa Barbara ingurukoa eta sagardotegietatik barrena doana. Eta bigarren fasean beste bi ibilbide, herritik urrunago daudenak eta zailxeagoak, Oindiri bira eta Urruzunokoa, oinez bakarrik egitekoak.

Zergatik ibilbide urdinak?
«Mendiko marka ofizialak gorri, hori eta berdea dira. Guk ezin genituen kolore horiek erabili, gurea ez baita Federazioaren seinalizazio ofiziala. Horregatik, markatzeko beste kolore bat behar eta urdina aukeratu genuen, erraz desberdintzen delako». Ibilbide Sarearekin lotuta, Mendiriz Mendik Hernani Ezagutuz proiektua jarri zuen martxan. Herritarrentzat ibilaldi gidatuak egiteko. Ibilaldi gidatu hauetan, Aranzaditik, Iñaki Sanz bera joaten da natura eta biologiari buruzko azalpenak ematera eta bestetik, Udaletik Jesus Gomez Txuso, udaleko artxiboko historialaria kulturari buruzko azalpenak ematera (mugarriak, trikuharriak, etxeak…). Lehenengo bi ibilbideen diptikoak argitaratuak daude. Ibilbidearen deskripzioa eta puntu interesgarrien azalpena agertzen dira. Azken bi bideen diptikoa laster aterako du Udalak, ez baitaude guztiz bukatuta seinalizazio lanak. Guk aurrerapen txiki bat egingo dizuegu: Oindiko bira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!