Hondakinak kudeatzeari buruzko bi sententzia eman berri ditu epaitegiak azken asteetan. Batek, hondakinen partzuergoari eragiten dio, eta 2009ko ekainaren 2an hartutako erabaki guztiak atzera botatzen ditu: guztira 13 erabaki, eta tartean erraustegia egitea. Besteak, Hernaniko Udalari eragiten dio. Bertan, suspenditu egiten du Hernaniko Udalak eta San Markok 2010eko maiatzean hartutako erabakia, hondakinak kudeatzea Hernaniren eginbeharra dela esaten duena. Bi epaiak errekurritu egin daitezke. Hondakinen kontsortzioak jakinarazi du, epai horrek ez duela geldiaraziko erraustegia egitea eta errekurritu egingo duela sententzia. Hernaniko Udalak jakinarazi du txosten juridikoa eskatu dutela, eta eskutan duenean esango duela zer egingo duen. Sententziak azaroaren 17an eta azaroaren 9an atera ziren. Hernaniko Kronikak ez du informaziorik eman nahi izan, sententziak eskuartean izan dituen arte.
«Partzuergoko erabakiek ez dute baliorik, Txingudik bozkatu zuelako»
Hondakinen Kontsorzioak 2009an batzar bat egin zuen, eta bertan erabaki batzuk hartu ziren. Batzar hartan, Txingudiko Mankomunitatea tartean zen, eta berak ere parte hartu zuen bozketan. Hori da Imanol Azpirozek errekurritu zuena (orduko San Markoko lehendakaria) eta epaileak arrazoi eman dio. «Estatutuen arabera, Txingudiko Mankomunitatea ez da partzuergoko kide, eta ezin zuen erabaki horietan bozkatu». Beraz, han erabakitakoak atzera bota ditu epaileak.
Erabaki ziren puntuen artean daude: erraustegia egitea, erraustegia egiteko lurrak espropiatzen hastea, eta Diputazioari dirulaguntza eskatzea, proiektu horiek egin ahal izateko.
«Hernanik San Markotik konpetentziak eskuratzea suspenditu egiten dut»
Hernaniri eragiten dion sententzian, epaileak dioenez, ikusi egin beharko da, zein pausu eman behar dituen Hernanik hondakinak gestionatzeko eginbeharrak berriz beregain hartzeko, lehendik San Markori emanak baitzizkion eginbehar horiek. Horri buruz azken epaia iritsi bitartean, suspenditzea erabaki du modu kautelarrean. Arrazoiak bi dira, nabarmenenak: 1) gastuak bikoiztu egiten direla, bi sistema ordaindu behar direlako; 2) mankomunitateko gainerako kideei kalte egiten diela.
«San Markori inoiz ez zaizkio eman konpetentziak»
Sententziak aipatzen ditu Hernaniko Udalak emandako argumentuak ere, eta ez du horren baloraziorik egiten. Bi dira argumentuak: 1) Hondakinak kudeatzea herri bakoitzaren konpetentzia dela, eta Hernanik inoiz ez dizkiola konpetentzia horiek San Markori eman. Eta 2) inpugnatu dena elkarlan konbenio bat dela, San Markoren Estatutuak aprobatu gabe daudelako oraindik.
Sententziak ez du aipatzen bilketa nola egin behar den, edo zeinek egin behar duen. Konpetentziak zeini dagozkion erabaki arte, suspenditu egiten du Hernaniko Udal Plenoak erabakitakoa.
30 auzi, gai honetan
Momentu honetan, 30 auzi inguru daude epaitegietan, hondakinen kudeaketari buruzkoak, administrazio batek besteari jarriak eta abar. Horietako bi dira atera direnak.