«Nere abestiekin CD bat grabatzea gustatuko litzaidake»

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 4a, 01:00

gipuzkoako abeslari onena da Iosune Marin, hala izendatu zuten joan den azaroaren 21ean, Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa irabazi ostean. Bi aste pasa dira ordutik, eta Kronika Iosunerekin bildu da, bizitutako momentuak patxadaz gogoratu eta etorkizunari buruz hitz egiteko. Ilusioarekin eta emozio puntu batekin gogoratzen ditu abeslari hernaniarrak momentu haiek: «finalera pasa izanarekin gustora nengoen, pozik. Ni­re asmoa txapelketan ondo pasatzea zen, gustatzen zaidana eginez disfrutatzea. Finalean irabazi nuela esan zutenean ezin nuen sinetsi, sorpresa haundia izan zen».

Zazpi abesti ditu, berak eginak
Abeslari ona bakarrik ez, konpositore ona ere badela erakutsi zuen txapelketan Iosune Marinek. Abeslari ezagun baten abestiren bat aukeratu beharrean, ausardia haundiarekin bere bi abesti abestu zituen txapelketan, Ir­laren aurrean eta Martxoko egun ilunak. Konposatzea gustoko duela aitortu dio Iosunek Kronikari, eta dagoeneko badituela berak egindako zazpi abesti. Musika egiten letra jartzen baino hobeto molda­tzen da, errazago be­hintzat. Abesti guztiek errealitate puntu bat dute, hau da, berak bizitako bizipenen bat konta­tzen dute, baina guztien arda­tza autoreak berak asmatutakoa edo sortutakoa da. Konposatzeko garaian ez duela teknika berezirik erabil­tzen azaldu du, hau da, ez dela hortara bereziki jartzen. Ideiaren bat duenean, doinuren bat okurritzen zaionean, horri heldu, eta orduan hasten da forma ematen, abesti berri bat sortzen. Horrez gain, gustoko dituen talde edo abeslariek ez dute eraginik bere musikan. Mikel Urdangarin, Ken Zazpi eta Esne Beltza ditu gogokoen, baina entzuteko soilik.

Abeslarien etorkizuna, etorkizun zaila
Etorkizunera begira, Iosunek musika ikasketekin jarraituko du Kontserbatorioan. Bere abestiekin CD bat grabatzea du amets, eta abeslari izan, eta musikara dedikatzea ere gustatuko litzaioke, nahiz eta onartu etorkizun zaila eta ia ezinezkoa dela.


IRLAREN AURREAN

Itsasoa eta zerua elkartzen dituen marra ukitzea
zure ezpainak sentitzea bezalako ezinezkoak.
Badaukat barnean inoiz ezagutuko
ez duzun sentimendua.
Baina berdin du,
dena ez da galdu
zure irrifarra gorde dut,
behar dudanean begiratuz...
zure albora bueltatuz
Ondarretako area sentitu oinetan.. itsas hartako airea sentitu soinean
Baina berdin du,
 dena ez da galdu
zure irrifarra gorde dut,
behar dudanean begiratuz..
.zure albora bueltatuz
Irla txiki bat aurrean geneukala
agur esan zenidan
azkenaldian!
Baina berdin du,
dena ez da galdu
zure irrifarra gorde dut,
behar dudanean begiratuz...
zure albora bueltatuz

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!