Gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Irakaskuntza arloko LAB sindikatuak prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara. Bertan dio, egungo hizkuntz ereduen sistemak ez duela euskalduntzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak emandako azken datuen inguruan, hainbat hausnarketa egin eta honakoa aldarrikatu du: «euskararen eguna izan dadila, jendarteko beste esparruetan bezalaxe, eskoletan ere euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko eguna, Administrazioen jarrera salatzeko eta Administrazioak behartzeko eguna, eta eskola komunitate osoa (ikasle, langile, irakasle zein ez irakasle eta guraso) elkarrekin lanean jartzeko eguna. Hurrengo 364 egunak bezalaxe».
«Hainbat ondorio
esanguratsu eta larri»
LABek Hezkuntza Sailak egindako azken azterketako datuak aipatzen ditu. Azterketa ikastetxe publiko eta kontzertatuetako 37.000 ikasleren artean, LHko laugarren eta DBHko bigarren mailetan egina dago eta datuetatik hainbat ondorio esanguratsu eta larri atera daitezkeela dio sindikatuak: «Maila kaxkarrenari begiratzen badiogu, ikusi dezakegu Lehen Hezkuntzan %27,1ak ez duela ´hasierako maila` gainditzen, eta Bigarren Hezkuntzan %33,5ak; D ereduan bertan, DBHn %22,5ak ´hasierako maila` dauka, A ereduan berriz, hamarretik zortzi ikaslek ez du euskeraren nahikoa ezagutzarik. Hizkuntzaren ´maila aurreratuari` begiratzen badiogu, ikusi dezakegu LHn %29,2k ematen duela maila hori, eta DBHn soilik %24,1».