bATU Gaitezen iniziatiba aurkeztu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak Hernanin, euskaldunen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmotan. Maribel Vaquero eta Estibalitz Alkorta Buruntzaldeako ordezkariek egin zuten aurkezpena, Hernaniko alderdi-ordezkarien eta militanteen aurrean. Azaldu zutenez, Batu Gaitezen ekimenak bi printzipio nagusi ditu: batetik, giza eskubide guztiak errespetatzea, eta bestetik, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea bultzatzea. Jakinarazi zutenez, horretarako beharrezkoa da euskaldunek euren konpromisoa partekatzea. Ekimenera atxikitu nahi dutenentzat web orria jarri dute, www.batugaitezen.com.
«Gogoeta-saioa,
Gipuzkoako herritarrekin»
EAJ-PNV eskualdeka ari da egiten aurkezpena, eta Buruntzaldean bi egingo dituzte, bat asteartekoa izan zen, Hernanin, eta bestea abenduaren 14an egingo dute, Andoainen. Gipuzkoarren gogoeta bultzatu nahi dute, batez ere bi egoera jakini aurre egiteko. Alderdiak, ekimenean adierazi zuenez, Euskadi nazio bat da eta Espainiarekiko harremanean ezin da haren menpe izan: «oraingo Eusko Jaurlaritzak ez dio begirunerik Euskadiren berezitasunari, hau da, euskal nortasun politiko, ekonomiko eta sozialari». Ekonomiaz ere aritu ziren, eta egungo krisi ekonomikoan euskal erakundeen lidergoa funtsezkoa dela adierazi zuten «egitura produktiboari eutsi eta aurrera egiteko, herri gisa atzeraka ez egiteko». Alderdiaren ustez, hain zuzen, bi egoera hauei egin behar zaie aurre gogoetaren bidez
Batu Gaitezen ekimenari atxikitzeak hainbat
konpromiso dakartza
Ekimenari atxikitzen diren herritarrek hainbat konpromiso hartzen dituztela adierazi zuen EAJ-PNVk; konpromisoa elkarrekin lan egiteko, gogoz eta zintzo lan egiteko. Biharko Euskadi eraikitzeko oinarri etiko eta politiko batzuk beharrezkoak direla gaineratu zuten, hau da, konpromisoa izan behar dela giza eskubide guztiak errespetatzeko eta Euskal Herriaren existentzia aitortzeko; eta baita bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko ere. Bakearekin eta indarkeria gaitzestearekin ere konpromisoa behar dela esplikatu zuten, eta ezinbestekoa dela ETAk indarkeriari uko egitea. Herriaren aurrerapenarekin eta nortasunarekin ere konpromisoa azaldu zuten, eta baita Euskadi solidario eta zuzen baten alde ere.
Horrez gain, alderdi politiko eta eragile sozial guztiek bete behar batzuk ere badituztela esan zuten. Batetik, elkarlanerako guneak topatu behar dituztela. Eta bestetik, Euskal Herriaren identitatea berreskuratu behar dutela, eta horretarako euskal erakundeei babesa eman behar dietela.
Azkenik, euskaldunei hitza emateko konpromisoa ezinbestekoa dela azaldu zuten: «gure etorkizuna gure esku nahi dugu eta behar dugu, gure geroaren egile izateko».