Xabier Olano Usurbilgo Udaleko kontuhartzailea Atez Ateko bilketaren diru kontuez ariko da gaur. Atez Atekoa da hondakinak kudeatzeko sistemarik merkeena hitzaldia emango du, Hernanin Zero Zabor taldeak antolatuta. Hitzaldia 19:30etan izango da Biterin.
Tratamendua, merkeagoa
Irailean, elkarrizketa egin zion Usurbilgo Noaua! aldizkariak Olanori eta bertan sistema berriaren datuak eskaini zituen. Horietan oinarrituta, adierazi zuen, Atez Atekoa dela koste ekonomiko txikiena duen sistema, usurbildarrek ez dutela beste herrietan baino gehiago ordaintzen eta gaikako bilketari esker hondakinen tratamendua merkeagoa dela.
Hala dio: «Bi gastu mota bereizi behar dira: bilketa eta tratamendua. Bilketa gastuei dagokienean, antzeko gastuak dituzte bost edukiontzien sistemak eta Atez Atekoak. Atez Atekoan pertsona gehiago behar dira, 5 edukiontzien sisteman, berriz, kamioi eta edukiontzi gehiago. Tratamendu gastuetan ordea, diferentzia haundia da. Organiko guztia atez ate biltzen bada, tratamendua merkeagoa da. 5garren edukiontziak, aldiz, ez du sortzen den organiko guztia biltzen. Borondatezkoa da eta herritarren erdiak baino gehiagok hondakin guztiak nahasian botatzen ditu. Beraz, organikoen erdiak baino gehiagok tratamendu garestia jaso behar izaten du, aurrez ez delako bereizita bildu (130 euro/tonako). Atez Atekoan errefusak bakarrik du koste altu hori».