Chillida Leku museoak Enplegua Erregulatzeko Espedientea (ERE) eskatu du eta urtarriletik aurrera museoa ixtea erabaki duela jakinarazi zuen atzo prentsa ohar bidez. Erabaki hori hartzea, museoak bizi duen egoera defizitarioak eragin duela azaldu dute: «Krisi ekonomikoa dela eta, museoaren egoerak okerrera egin du. Izugarri igo dira zifra defizitarioak eta ekimen pribatu batek ezin dio horri eutsi».
Dena dela, gaineratu dute museoa prest dagoela akordio batera iristeko, «museoaren etorkizuna ziurtatuko duten derrigorrezko baldintzak onartzen badira, Eduardo Chillidak eta Pilar Belzuncek, bere sortzaileek zehaztu zituzten bezala».
Eta publikoarentzat egunero irekita ez egon arren, ekintza puntualak egingo dira; hala nola, erakusketak. Ondare artistikoa mantentzen jarraituko dutela ere azaldu dute.
810.000 bisitari 10 urtetan
Chillida Lekuk 2000 urtean ireki zituen ateak eta 10 urte hauetan 810.000 pertsonek bisitatu dute museoa. Datu horien arabera, Gipuzkoako arte museorik bisitatuena da eta Euskal Herritik, lau onenen artean dago, inkesten arabera. Hori horrela, museoko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete urte hauetan Chillida Leku bisitatu duten guztiei.