Victor Goikoetxearen lanik haundiena ikusgai, Aquariumean

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 28a, 01:00

Santurtziko Dorretxerako lau mural egin ditu Victor Goikoetxea pintore hernaniarrak eta lanaren zati bat ikusgai dago Donostiako Aquariumean, abenduaren 12ra bitarte.

Santurtziko Udalak eskatuta, Santurtziko herriari, herritarrei omenaldia egiteko, Victor Goikoetxea pintore hernaniarrak lau mural egin ditu. Bere esanetan, bere lanik haundiena dena. Otsailetik aurrera, San­tur­tziko Dorre­txea­ren parte izango da, baina aurretik, obraren zati bat Do­nos­tiako Aqua­riumean ikusteko aukera izango da. Aurkez­pe­na ostegunean izan zen eta abenduaren 12ra bitarte izango da ikusgai.

Arrantzale, meatzari eta baserritarrei omenaldia
Aurkezpen ekitaldian, Goikoe­txe­arekin batera izan ziren, besteak beste, Bixente Zara­gueta Aquariumeko presidentea, Ri­car­do Ituarte Santur­tziko alkatea, Danel Bringas kultura zinegotzia, inguruko artistak eta he­rritarrak, tartean hernaniarrak. Goikoetxeak azaldu zuen egun berezia zela beretzat eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei. Santurtzira joateko gonbitea ere luzatu zien, obra osorik ikusteko. Gogora ekarri zuen Santurtziko arrantzale, meatzari eta baserritarrei egindako omenaldia dela. Eta azpimarratu zuen, lan horren atzean, ez dagoela bera bakarrik, talde baten lana baizik. Zaraguetak eskerrak eman zizkion Santurtziko Udalari halako lana enkargatzeagatik eta Aquariumean jartzen uzteagatik, lanaz gozatzeko. Ituartek txundituta geratu zela aitortu zuen eta ziur dagoela Santurtzin sekulako arrakasta izango duela.

Guztira, 100 m2-ko obra
Dorretxeko pisu nagusiko pareta guztiak dekoratuko ditu Goikoetxeak lan honekin, baita sapaia ere. Mural nagusia, 9 metrokoa, arrantzaleen omenez egindakoa da; bigarrenak baserria du gai nagusia; hirugarrena meatzariei buruzkoa da; eta laugarrena, beste hiru gaien arteko nahasketa. Guztira, 100 m2-ko obra da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!