Comete Sareari buruzko dokumentala da Azken urratsa, hau da, Bigarren Mundu Gerran naziengandik ihesi zebiltzanei laguntzeko sortu zen sareari buruzkoa. Bospasei urtez aritu dira proiektu honekin lanean eta abendurako prest izango dela aurreratu dute Enara Goikoetxea, Iurre Telleria eta Inesa Aristimuñok, beraien esanetan, Mozturen proiekturik haundiena dena. «Txiki hasi zen proiektu bat da eta izugarri hazi da. Koprodukzio internazionala da, beste bi herrialderekin, eta kanpora begira egin da, ez bakarrik hemengo kontsumorako. Lau herrialdetan grabatu da, bost hizkuntzetan... Master class bat izan da eta honekin ikasi dugu dena. Batik bat eduki du sekulako ikerketa lana. Comete Sareko pertsona guztiak elkarrizketatu dira ia denak aurrez aurre, Cometeko omenaldietan egon gara, lan egin dugu Belgika, Ingalaterra eta hemengo historialariekin, artxibo belga sekretuetara iritsi gara, militarretara, AEBetako artxiboetako dokumentazioa dago, Ingalaterrakoa...», azaldu dute. Eta nola sartu hori dena 90 minututan? Nola kontatu modu interesgarri eta errazean inor ez galtzeko hainbeste pertsonaia eta kontaketa artean? Dokumental bat izan arren, fikzioaren estruktura narratiboa erabili dute istorioa kontatzeko orduan. Ez dira testimonioak soilik. Eta nabarmendu dutenez, hori da bere apustu eta zailtasunetako bat.
Omenaldia sarean parte hartu zuen jende guztiari
Proiektuaren helburua izan da erakustea, Comete bezalako ihes sare batek funtzionatu zuela jende askok parte hartu zuelako gauza txikiak egiten. «Gure asmoa zen omenaldia egitea hor lanean ibili zen jende guztiari. Denei ezinezkoa da, baina nolabait ideia hori transmititu nahi genuen. Eta uste dugu hori lortu dugula, dokumentalean argi geratzen dela milaka pertsona ibili zirela hor lanean».
Florentino Goikoetxeatik abiatuta
Ideia sortu zen Telleria enteratu zenean Florentino Goikoetxea zein zen. «Ikertzen hasi ginen eta harritu gintuen kanpoan hain baloratua zen pertsona bat herrian hain gutxi ezagutzea. Hemen kokatzen zen istorio batetik abiatu ginen baina dena ezagutzen duzunean, konturatzen zara hemengoa zati bat bakarrik dela eta dena lantzea erabaki genuen. Material pila bat dago, serie bat egiteko adina, baina dirurik ez dugu», nabarmendu dute.
Materiala web orri batean
Bildutako material hori guztia gizarteratu nahiko lukete, baina ez dute gaitasunik ez xoxik. Dena dela, webgune bat sortzekoak dira. Horretarako harremanetan jarri dira, alde batetik Loturarekin, web orriak egiten dituen enpresarekin, eta bestetik, Eusko Ikaskuntza-Euskomediako jendearekin. Materialarekin zerbat egiteko beharra sentitzen dute: «Dokumentala baino gehiago bihurtu da. Eta hori pasatzen zaigu proiektu guztiekin. Izan ere, pertsonei lotutako istorioak dira eta ezin duzu jendea hartu erabili eta utzi. Azkenean existitzen da konpromiso bat. Ez dago inon idatzia baina jendeak zuri ematen dizunean azkenean zu ere zordun sentitzen zara».