«Dokumentalak dira gure ume kuttuna, gure bizioa eta, zenbaitetan, perbertsioa»

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 28a, 01:00

Moztu ikus-entzunezko enpresako kide eta sortzaileak dira Idurre Telleria, Inesa Aristimuño eta Enara Goikoetxea hernaniarrak. Nahi zituzten gaiak, nahi zituzten moduan lantzeko sortu zuten Moztu, orain dela 8 urte, eta bidea gogorra eta luzea izan arren, lortu dute helburua. Beraien proiekturik haundienak abenduan ikusiko du argia. ‘Azken urra­tsa’ da, Comete Sareari buruzko dokumentala.

Kutsidazu bidea Ixabel, Eutsi!, Mugaldekoak, Debekatua dago oroitzea... pelikula eta dokumental ezagun ugariren muntaketa eta postprodukzi­oaz arduratu da Moztu, Do­nos­tian dagoen ikus-entzunezko enpresa. Baina hori bai­no gehiago da Enara Goikoe­txea, Iurre Telleria eta Inesa Aristimuño hernaniarrentzat, Moztuko hiru langile eta sor­tzaileentzat. «Egune­ro­­ko­tasu­ne­an bi­zi­tzeko egin behar di­tuzun lanak daude eta horretan, guk muntaketa eta post­produkzioa egin eta egiten dugu beste produktoreentzako, bes­­­te en­pre­sen­tzako. Baina Moztu sortu zen guk nahi genituen proiektuak, gaiak, istorioak... nahi genituen mo­duan lan­tzeko. Batez ere, do­kumental modu­an», azaldu diote Hernaniko Kronika­ri. Eta helburu horri eu­tsiz, pixkanaka-pixkanaka haz­ten joan dira eta besteentzako produzitzeaz gain, beraien zenbait proiektu ere gara­tu dituzte edo garatzeko bidean dira; hala nola, The Pamps, Cuida­dores, Denbora zenbatzen, Ama­ren ideia, Ametsaren koloreak: Zumeta... eta denetan potoloena, Azken urratsa. «Gure seme-alaba nagusia», diote. Comete Sarearen inguruko dokumentala da hori eta bospasei urteko lanaren ondoren, abendurako izango da prest.


Dokumentala, benetako istorioak kontatzeko bidea
Moztu enpresa 2002ko abenduan sortu zuten Goikoetxea eta Telleria hernaniarrek eta egungo beste bi lankidek. Aurrez aipatu bezala, beraien ideiak nahi bezala lantzeko asmoz. Ingalaterran topatu ziren eta han dokumentalak lantzeko tradizioa bazegoen eta gustatu egin zitzaien. «Dokumen­tala hemen (Eus­kal Herrian) lantzen zen gehiago erreportaje moduan eta guk gehiago ulertzen genuen dokumentala, zinearekin lo­tu­­ta, historia konta­tzeko; be­netako istorioak kontatzeko. Dokumen­tala guretzat da, gu­re ume kuttuna, gure bizioa eta, zenbaitetan, perbertsioa». Aristi­mu­­ño han­dik gu­txira hasi zen lanean Moztun eta egun, 9 dabil­tza. Esku artean dituzten proiektuen arabera, gehiago edo gutxiago izaten dira. Oinarrian, seik osatzen dute lan taldea.


3-6 urteko proiektuak
Moztuk landu ohi dituen proiektuetan, ikerketa prozesua oso luzea izaten da eta proiektuak 3-6 urtekoak izaten dira, gutxi gorabehera, hiru hernaniarrek azaldutakoaren arabera. «Izan ere, ikerketa prozesuan pertsonekin aritzen gara lanean eta beraiek bizitakoarekin. Ez dugu nahi izaten bakarrik kontatzea zer gertatu zen, baizik eta nola bizi izan zuen berak egoera eta nolako irakurketa egiten duen berak gertatutakoaren inguruan. Ez dugu istorio ofiziala kontatzea nahi. Eta hori lortzeko konfiantza lortu behar da eta atzetik lan izugarria dago. Mesfidantza haundia izaten dute. Ko­munikabideek sortzen dute halako sentsazioa. Kaze­tariak joaten di­ra, lapurtzen dute behar du­tena eta listo. Guk ho­rren kontra egin behar izaten dugu lan». Esa­terako, nabarmendu dutenez, Cui­da­­do­re­sen zuzendariak 5 urte pasa ditu pertsonaiekin kafeak hartzen, erdi psikologo lanetan... Eta Az­ken urratsa dokumentalean Telleriak 40 bat elkarrizketa egin ditu. «Beraiek hustu egin behar dira eta hustean, agian, lor­tzen duzu beraiek iristea zuk nahi duzun lekura», diote. Proiektuak luzeak, alde batetik, horregatik direla azpimarratu dute, baina bestetik, dirua ere lortu behar delako.


Promozio lana ere bai
Ikerketa lana haundia izan arren, pelikula bukatzean ere bada zer landua hiru hernaniarrek azaldutakoaren arabera. Ondoren, promozionatu egin behar izaten da, estrenatzen den momentuan jendea zinemara gertura­tzeko. «Eta ez zinemara bakarrik, horrelako produktuek bizitza la­bu­rra baitute zineman. Hau ez da fikzioa eta hemen oso jende gutxi joaten da zinemara dokumentalak ikustera. Orduan hori da erronka, nola bideratu hori dena eta baita ere nola saiatu eskuratzen egin dugun inbertsio guztia, hor jarri dugun kapital guztia; ez bakarrik ekonomikoa baita pertsonala ere». yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!