Espainiak 1975ean Sahara «saldu» zuenetik eta Marokok Sahara Mendebaldea okupatu zuenetik, Saharar herriak bizi duen egoeraren berri eman zuen Jalil Said sahararrak, Frente Polisarioko kideak, asteazkenean Hernanin. «Familiak banatuta, pareta bat medio, eta okupatutako zonetan bizi direnak diktadurapean eta ghettotan bizi dira. Desagerketak, atxiloketak, torturak, biolazioak, marginazioa, umilazioa, paroa... eguneroko kontuak dira. Egunero urratzen ditu Marokok oinarrizko eskubideak eta mendebaldeko gobernuek ez dute ezer egiten», azaldu zuen. Hori horrela, Saharar herriak eskatzen duen bakarra da, «Marokok bete dezala Nazio Batuen Erakundeak (ONU) 1965an erabakitakoa, hau da, erreferenduma egitea Sahara mendebaldearen autodeterminaziorako, eta oinarrizko giza eskubideak errespeta ditzala». Eta bide horretan Estatu Espainiarrak arduraz jokatzea eskatzen dute, «dagokion bezala». Sahara Estatu Espainiarraren administraziopean dago NBEaren arabera.
Aaiuneko erasoa, Marokorekin biltzeko bezperatan
35 urteko gatazka izan arren, sahararrek okupatutako zonetan bizi duten egoeraz gutxi informatu izan da eta orain dela hiru aste, Marokok Aaiuneko kanpamenduetan egindako erasoak mahai gainean jarri du gaia. Guztiaren berri emateko antolatu zuen hitzaldia Hernaniko Kooperazio Taldeak, Sahararen aldeko Hernaniko taldearekin batera.
Aaiuneko erasoari buruz honakoa azaldu zuen Saidek: «Okupatutako zonetan sahararrek bizi zuten egoera ikusita, Frente Polisarioa antolatzen hasi zen, Aaiunetik 16km-tara, kanpamenduetan. Eta nahi zuten Marokorekin negoziatu, bide baketsutik. Erreibindikazio sozialak eskatzen zituzten: baliabideak bertan eta bertako herritarrekin inbertitzea, lan egin ahal izatea, gutxienez unibertsitate bat izatea alfabetizazioa bultzatzeko…
Bide horretan, bilerak egiten ari ziren eta horren barruan, lehenengo aldiz Frente Polisarioko eskaerak entzuteko prest azaldu zen Maroko. Eta bilera horren bezperako gauean erasotu zituen Aaiuneko kanpamenduak: guztia txikitu, hildakoak eragin, atxilotuak, desagertuak, biolazioak, lapurretak… ».
«Maroko ezkutatzen
saiatu arren, informazioa
zabaltzen ari da»
Saidek azpimarratu duenez, Maroko saiatu da orain arte bezala dena ezkutatzen eta bere bertsioa sinestarazten, baina informazioa zabaltzen ari da, sahararrek beraien mugikorrekin egindako grabaketak tarteko, besteak beste. «Eta jendeak interesa du, eta herritarrek lortu dezakete Sahararentzako konponbide politiko justua. Politikoengan sinesteari aspaldi utzi genion. Politikoek beren herritarrei dieten beldurra da gure esperantza. Bakoitzaren ahotsak izugarri balio du», azpimarratu zuen.
Informazio gehiagorako zenbait dokumental eta bideoren berri ere eman zuten hitzaldian: Hijos de las nubes youtuben ikusgai, Yo soy una mujer saharaui, Lalia, Resistencia saharaui eta Thawra, besteak beste. Boikota egiteko ere bada bidea Marokok Sahara Mendebaldetik ateratzen dituen produktuetan. 411 zenbakia duten produktuak dira.
Jalil Said Saharako
historiari buruz aritu zen
- Saharar herriak muga egiten du Argelia, Mauritania eta Marokorekin.
- 1893an espainolak sartu ziren pazifikoki Saharan, merkataritzaren aitzakian. Pixkanaka soldaduak sartu eta Sahara kolonizatu. 1975 urtera arte, Estatu Espainiarreko beste probintzia bat gehiago izan da, 53garrena. Adineko Saharar askok NA espainiarra dute oraindik.
- 1965ean NBE (ONU) hasi zen Afrika deskolonizatzen. Espainiari esan zion alde egiteko eta erabaki zuen erreferenduma egingo zela Saharak bere etorkizuna erabakitzeko.
- 1973an Frente Polisarioa sortu zen, mugimendu politiko eta militarra saharar herriaren eskubideak defendatzeko.
- 1975ean Hassan II erregeak Martxa Berdea deiturikoa antolatu zuen, Sahara okupatzeko mendebaldetik.
Franco hil berri zen, Estatu Espainiarra trantsizioan zegoen, eta ez zegoen Saharan sartzeko moduan. Baina hitz eman zuen babestuko zuela eta erreferenduma egingo zela.
- Madrilen bilera bat egin zen. Hitzartu zuten Sahara erdibitzea Maroko eta Mauritaniaren artean. Akordio hori tarteko, Estatu Espainiarrak 20 urtez Saharako baliabideak esplotatzeko aukera zuen: arrantza eta fosfato minak.
- Saharar askok desertura alde egin zuten, Argelia aldera, Tindouf-era. Bertan errefuxiatu kanpamenduak sortu zituzten. Beste asko okupatutako eremuan geratu ziren. Frente Polisarioa antolatu eta askatasun gerra hasi zen kanpotik eta barrutik.
- 1979an Mauritaniak alde egin zuen.
- Marokok lurralde osoa okupatu eta 2.800km-ko pareta eraiki zuen.
- 1991n NEBak bakerako plana sortu zuen. Komisio berezia ere bai erreferenduma egiteko Sahara Mendebaldean (MINURSO).
- Errolda egiteko urteak pasa dira eta Maroko urte guzti horietan marokoarrak sartzen aritu Sahara Mendebaldean. Egun, %80 kolonoak dira.
- 1999-2000 NBEk erabaki zuen bukatu zela epea. Marokok esan zuen, ez zela beraiek nahi zutena eta konponbide bakarra zela Sahararen autonomia, Marokoren barruan.