Katalogoan hainbat liburu eta ipuin agertzen dira. Eta, hara, zeu zara aukeraketa egiten duena.
Miguel Asiain, Osio: Galbahea egitea tokatzen zait niri. Aukeraketa egin behar da, bereizi behar dut zer den garia eta zer den agotza. Egin behar den lan bat da, kontent nago katalogoko aukeraketa egiteko konfiantza nigan utzi dutelako.
Bertze kontua da behar bezala aritzea. Epeekin nahiko justu gabiltza, katalogoa atera ahal izateko liburuaren aukeraketa urriaren hasierarako egin behar izaten delako. Horrek aunitz mugatzen du aukeraketa. Argitaletxe batzuk hainbat liburu argitaratu gabe izaten dituzte… Lan sakonena egiten ahal dut lehendabiziko sei hilabeteetan.
Erantzukizun handia zurea.
M.A.: Euskal Herria txikia da, ia gehienok elkarren berri badugu. Liburugintzan parte hartzen duten elementu ezberdinek, bestalde, interes ezberdinak dituzte. Argitaletxeek badute haien liburua funtzionatzeko interesa eta katalogo honek bitartekari lanaren funtzioa betetzen du. Bitartekariei eskainita baitago, irakasleei zein liburuzainei. Aukera egiten dudan unetik egongo da baten bat sobera ados ez dagoena. Alde horretatik, bai, bada erantzukizuna.
Urtero kezka bera izaten dut: ea garrantzitsua den kanpoan utzi dudan zerbait. Badut kezka hori. Zorionez hainbat liburuzainen laguntza dut, Galtzagorri inguruan dabilen jendeak ere aunitz laguntzen dit huts handirik ez egiteko.
Ipuinak edo liburuak aukeratzeko zeri erreparatu behar zaio?
M.A.: Banaz bertze, bi hitzetan errateko, kalitate literarioa aipatu beharko nuke. Baina kalitate literarioa erratea eta deus ez erratea gauza bera da.
Haur literaturan, bereziki, ilustrazioa eta testua kontuan hartzen ditugu. Ez bakarrik testua, baizik eta baita ilustrazio aldetik egiten duten ekarpena. Gero eta gehiago, badira liburugintzan formatu estandarretik ateratzen diren liburuak. Demagun: ehunezko liburuak, bainugelan lantzeko liburuak,… gurera euskal mundura tarteka-tarteka ailegatzen ari dira. Eta hori ere kontuan izaten dugu. Agian ez dute literatur kalitate handia izango baina 0-3 urte bitarteko adin tarte horretan ilustrazioari eta erabilpenari garrantzia ematen diogu. Haurrak ohitu ahal izatea liburuarekin egotera. Eta gurasoek haurrarekin liburu horiek konpartitzea, hori baloratzen dugun zerbait da.
Batzuetan gai aldetik hutsuneak gertatzen direnean, demagun abentura atalean gutxi argitaratu dela, urte horretan egin den apur horri lehentasuna ematen diogu.
Katalogoan, bestalde, egiten den produkzio nazionala isladatu nahi dugu, ez bakarrik hegoaldekoa. Iparraldeko argitaletxeei ere tokia ematen diegu. Gutxi direlako eta beste eredu bat delako.
Irizpide ugari aukeratzeko garaian. Eta, bestalde eta, oro har, euskal ekoizpenaren indarguneak eta ahuldadeak agertzen saiatuko al zinake?
M.A.: Azken urte hauetan itzulpenak bere bidea hartu du, normalizatu egin da. Garai batean ez zen ondo ikusia itzulpena eta orain hori aldatu egin da.
Fikzio lana nagusitu egiten da gurean, ipuingintza nahiko ongi estalita dago. Abenturan gero eta agerpen gehiago dira, nahiz eta ahuldadea erakutsi hainbat urtez.
Poesia eta antzerkia ez dut erranen normalizatu egin direla, baina ondoko hizkuntzetan dagoen agerpenarekin konparatuta, nahiko homologatuta daude. Urtero hainbat lan ateratzen dira.
Tapa gogorreko eta ilustrazio handiko albumei dagokionez, badaramagu hamar urte gero eta agerpen handiagoa dutena merkatuan. Argitaletxe berriak sartu dira merkatu berri honetan eta alde horretatik merkatua handitu egin da.
Egileak ere aipatu nahiko nituzke. Bertako produkzioan aspaldiko partez idazle handiak baditugu, lau-bortz aipatuko nituzke: Atxaga, Igerabide, Zubizarreta, Landa,... Horiek guztiek kalitateari eusten diote. Alde horretatik gune indartsua da. Baina belaunaldi berriak falta dira. Oraindik ere aspaldiko idazleak dira kalitatean nabarmentzen direnak.
Irakasle zara. Irakaskuntza aldetik berriz, nahiko egiten al da?
M.A.: Argitaletxeek, merkatuari dagokionez, liburua zabaltzeko pisurik handiena irakaskuntzaren esku utzi dute. Baina bestalde inpresioa daukat ez dutela behar bezala landu bitartekaritza lan hori. Argitaletxeek ez dituzte behar bezala lagundu irakasleak eta liburuzainak. Irakasle eta liburuzainen artean ez dute liburuak sustatzeko behar bezala lagundu. Nola? Liburuak banatuz edota kritika egiten dutenei liburua ailegarazten. Nik uste argitaletxe aldetik utzikeria izan dela.
Katalogoa, paperean eta sarean
• Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko 105 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
• Buruntzaldean 9.000 ale banatu dira eta, orora, Euskal Herrian 200.000.
• Katalogoan liburu, disko nahiz jostailu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.
• Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.
• Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berriak.
• www.katalogoa.org webgunean, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko.
• Urte osoan zehar eguneratuta dagoen webgunea da, argitaletxeek beraiek aukera baitute produktu berriak merkaturatu ahala txertatzeko. Eta irakurleek, beren komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.
• Egun hauetan aurkeztu diren disko eta liburu berrienak webgunean aurki daitezke.