1960ko azaroaren 25ean Trujillo diktadorearen polizia sekretuak Mirabal sendiko hiru ahizpa erahil zituen, eta hiru ahizpa hauek erresistentzia herritar eta feministaren ikur bihurtu ziren. Berdintasun Kontseiluak adierazi duenez, gertaera hau orain urte dezente izan arren, azaroaren 25ak ez du bere gaurkotasuna galdu, eta egun ere erahilketa ugari izaten da gure inguruan: «horren adibide dira 2010ean Euskal Herrian erahilak izan diren emakumeak: Elena Cal, Amelia Sanchez, Isabel Velez, Bonifacia Ruiz, Amelia Amaya eta Annie Froment». 1981garren urtean izendatu zuten azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Biolentziaren Kontrako Eguna, Bogotan egin zen Hego Amerika eta Karibeko lehen topaketa feministan. Berdintasun Kontseiluak azaldu duenez, gaur egun oraindik, biolentzia bizitzaren arlo guztietan ematen da, eta indarkeria ulertzeko beharrezkoa da zerbait estrukturala bezala urlertzea «hau da, emakumeon kontrako indarkeria, egungo sistema ereduak baimentzen du, indartzen du eta bultzazen du, egiturazkoa da».
Azaroaren 25ean, eta aste osoan zehar, ekitaldi ugari
Indarkeria salatzeko, eta azaroaren 25arekin bat egiteko, Berdintasun Kontseiluak eta Txoko feministak, Udalaren langutzarekin, ekitaldi ugari antolatu dituzte egunaren bueltan. Azaroaren 25ean, ostegunean, kontzentrazioa egingo dute, Plaza Berrin, 19:30etan; eta ondoren, 20:15etan, Txoko feministak antolatuta, Txokolatada eta Zine Emanaldia izango da Gaztetxean. En el tiempo de las mariposas pelikula jarriko dute, Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Eguna izendatu izanaren jatorria kontatzen duena.
Egunean bertan egingo diren ekitaldiez gain, aste osoan zehar ere ekitaldi gehiago izango dira. Bihar laburmetrai foruma egingo dute Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Ostiralean berriz, Plax! gaztetxoentzako aholkularitza zerbitzua izango da Biterin, harremONAkek bideratuta; aholkularitza 17:00etatik 20:00etara izango da. Aholkularitzaren ostean Nagore dokumentala jarriko dute, Biterin baita ere, 20:00etan.
Beldur Barik jaialdia, Bilbon
Egunaren bueltan antolatutako ekitaldi guztiak ez dira Hernanin izango, Berdintasun Kontseiluak Bilbon egingo den Beldur Barik jaialdira joateko deia egin baitie herritarrei. Jaialdia aurten egingo da aurreneko aldiz, eta bertan artista gazteen lan eta ekimen artistikoen gogoeta egiteaz gain, performance-ak, emanaldiak, kontzertuak eta beste hamaika ekintza izango dira. Berdintasun Kontseiluak Bilbora joateko autobusa debalde jarri du, eta izena emateko azken eguna gaur da.
DEIALDIAK
AZAROAK 25- Berdintasun Kontseiluak eta Txoko feministak antolatuta:
Kontzentrazioa. 19:30etan, Plaza Berrin
AZAROAK 25- Txoko feministak antolatuta:
Txokolatada eta Zine Emanaldia. `El tiempo de las mariposas´, 20:15etan, Gaztetxean
AZAROAK 23- Berdintasun Kontseiluak antolatuta:
Laburmetrai foruma. `Mi Señora´, `Desenfocada´, `Mejor sin èl´, eta `Haizea´ 18:00etan Biterin.
AZAROAK 26- Berdintasun Kontseiluak antolatuta:
Plax! Gazteentzako
aholkularitza zerbitzua. 17:00etatik 20:00etara Biterin.
AZAROAK 26- Berdintasun Kontseiluak antolatuta:
Zine Foruma. `Nagore´ dokumentala. 20:00etan, Biterin.
AZAROAK 27- Berdintasun Kontseiluak antolatuta:
Beldur barik jaialdia. Zabalguneko azoka. 11:00etatik 24:00etara. (Ensanche Plaza) Bilbo.
2010-2011 IKASTURTEAN ZEHAR- Berdintasun Kontseiluak antolatuta:
HarremONAK egitasmoa ari dira lantzen Hernaniko ikastetxeetan, tratu onaren aldeko apostua eginez, sexismoa eta emakumeen aurkako tratu txarrei aurre egiteko asmoz.