Donostia harresidun hiria izan zen 1863 arte, baina setio ugari jasan behar izan zituen XVIIIgarren eta XIXgarren mendean. Babesleku ahulenak, Urumea ibaiaren inguruan zeuden. Ahulgune hauen berri izanik, erasotzaileek eraso gehienak bertara zuzendu zituzten. Horrela, hainbat saiakeraren ondoren harresian zulo bat, ´bretxa` bat, irekitzea lortu zuten XIX. mende hasieran. Horregatik hasi zen Donostia eta Donostia inguruko jendea leku horri Bretxa deitzen. Eta geroztik, agintean egon diren udaletxe guztiek izen hori errespetatu dute.
Harresia erori ondoren
erabaki zuen Udalak merkatua eraikitzea
1863an, behin harresia erorita, garai hartako udaletxeak, inguru horretan merkatu bat eraikitzea erabaki zuen. Lur horiek eskuratzea ez zen erraza izan, bertako lurrak jabetza pribatukoak baiziren. Lurren jabeekin luze negoziatu ondoren, 1866an iritsi ziren akordio batetara Bretxako lanekin hasteko. 75.000 pezeta ordaindu zituen udaletxeak lurrengatik. Antonio Cortazar arkitektuaren esku utzi zen proiektua eta 1870an onartu ziren lehen planoak.
Eraikinak, bi pabiloi izango zituen. Hauek Bretxako plazaren alboko beste pabiloi baten bidez elkartuko ziren. Urtebete iraun zuten obrek, 1871an amaitu ziren. Baina hiriaren biztanleria hainbeste hazi zen, merkatua txikiegi gelditu zela. Hori dela eta, 1898an, erdialdean zegoen plaza eta Boulevard aldeko fatxada estali zituzten. Geroztik, berrikuntza gehiago egin dira azken mendean zehar.
Aldaketa handiena, 1999an jasan zuen Bretxako merkatuak. Ordurarte erdialdean zegoen plazan, eraikin berri bat egin zuten eta orain duen itxura hartu zuen zentro komertzialak. Ondorioz, bertan elkartzen ziren baserritar asko eta asko lekurik gabe gelditu ziren eguneroko merkatuan, eta saltzaile kopurua ikaragarri murriztu zen. Gelditu zirenak, hasiera batean Sarriegi plazara mugitu zituzten. Ez denbora askorako ordea. Izan ere, zentro komertzialaren albo bat egokitu zuten gaur egun jarraitzen duten 17 baserritarrentzat. Gaur egun, guztiak han elkartzen dira astelehenetik larunbatera, estu-estu.